Jesus Muñecasen estradizio eskaerari bidea ematea erabaki du Espainiako Gobernuak

Tolosaldeko Ataria 2013ko aza. 29a, 19:21
Tolosako Guardia Zibilaren kuarteleko buru ohiari Andoni Arrizabalaga 'Itziarren semea' torturatzea leporatzen diotela argudiatu du Espainiako Gobernuak.

 

Espainiako Gobernuak gaur egin duen ministro kontseiluan erabaki du bidea ematea Argentinaren estradizio eskaerari. Azalpenetan zehaztu du Jesus Muñecas Aguilarri, Tolosako Guardia Zibilaren kuarteleko buru izan zenari, Andoni Arrizabalaga 'Itziarren semea' torturatzea leporatzen diotela zehazki, Zarauzko (Gipuzkoa) Guardia Zibilaren etxean atxilotuta egon zen bitartean. Amparo Arangoa torturatu zuena ere izan zen, hainbat euskal herritarrekin batera. Juan Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño'-ren estradizio eskaerari ere bide ematea erabaki du Espainiako Gobernuak. Hamahiru lagun torturatzea leporatzen diotela gaineratu du, 1971 ta 1975 urteen artean.

Argentinako Maria Servini epaileak irailean inputatu zituen frankismo garaiko lau polizia, eta frankismoko delituak epaitzeko orain arte bide gehien egin duen auzia da abiatu zuena. Lau horietatik bizi diren bakarrak, ordea, Muñecas eta Billy el Niño dira, eta bi horien kontrako estradizio eskaerari bidea eman dio gobernu kontseiluak gaur. Espainiak estradizio tratatua du sinatuta Argentinarekin, eta horrek ahalbidetzen du polizien estradizioa. Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak irailaren 25ean onartu zuen eskaera.

Espainiako Gobernuak eskaerari bidea emanda, Auzitegi Nazionalera pasako da auzia, eta hor aldeko eta kontrako argudioak aztertu beharko dituzte epaileek. Poliziak estraditatzeko arrazoirik ez dagoela erabakiz gero, eskaera itxi egingo litzateke. Badaudela iritziz gero, ordea, berriro Espainiako Gobernuaren eskuetara iritsiko litzateke auzia, eta zer egin erabaki beharko luke berriro Mariano Rajoyren gobernuak.

Aste honetan bertan Argentinara joan dira frankismoko garai desberdinetako hainbat biktimak epailearen aurrera deklaratzera. Tartean dira, besteak beste, 1936ko gerran eta ondoren desagertutakoen senideak eta Martxoak 3 elkarteko kideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!