Amarozko sarrera urbanizatzeko hitzarmena sinatu dute aldundiak eta Tolosako Udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 28a, 14:29
Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak, eta Ibai Iriarte Tolosako alkateak lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta 2014 hasieran ekingo diete obrei.

Tolosako Amarotz auzoan, N-1 errepideko sarrerak eta GI-2135 errepideak bat egiten duten lotunean eraberritze lanak hasiko dira 2014. urte hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren lankidetza hitzarmenari esker. Besteak beste, errepidea konpondu eta bi biribilgune eraikiko dituzte akordio honen ondorioz.

Gaur egun, Amarotz auzoko Iruña etorbideak, GI-2135ak alegia, bi lerro ditu noranzko bakoitzean, zirkulazio arina eta azkarra ahalbidetuz. Aldundiaren eta udalaren ustez, "egungo diseinu hori ez da egokia hirigune baterako, eta gainera, ez da bateragarria Tolosan trafikoa mantsotzeko harturiko azken neurriekin".

Gauzak horrela, aldundiaren eta udalaren arteko hitzarmenak honako eraberritze lanak ahalbidetuko dituzte: hasteko, biribilgune bat egingo dute N-1 errepidearen hegoaldeko adarraren eta GI-2135 errepidearen arteko bidegurutzea ordezkatzeko; alegia, gaur egun Tolosatik Donostiara joateko, edo Gasteiztik Tolosara sartzeko loturan egingo dute lehen biribilgunea.

Horrekin batera, beste bidegurutze bat egingo dute Usabal poligonora sartzeko, Txarama aldera joateko nahiz norantza-aldaketa egiteko gaur egun dagoen bidegurutzean; 250 metroko bide-zatia ere egokituko dute biribilgune horretatik hasita, Araxes ibaiaren ezkerraldean.

Azkenik, GI-2135 errepideko galtzada egokitu egingo dute bidegurutze horretatik hasita, egingo duten bideari egokitzeko.

Murriztutako aurrekontua

Gipuzkoako Foru Aldundiak 128.382,45 euro bideratuko ditu azpiegitura lan honetara, eta Tolosako Udalak, berriz, 888.548,90 euroko aurrekontua erabiliko du Amarozko urbanizazio honetarako. Amarozko papelerako etxebizitzen ardura daraman Orubide enpresak, berriz, urbanizazio lanei dagozkien beste 423.919,88 euro jarriko ditu. Larraitz Ugarte diputatuak, beren aldetik jarritako diru kopuruaren murriztea azpimarratu nahi izan du: "Herritarren beharrei erantzuteko beharrko lanak mantendu ditugu, baina proiektua egokitu egin dugu krisi garai hauetara, eta aurreko agintaldiko aurrekontuko 720.000 euroak 592.000 eurotan jaitsi ditugu".

Aipatzekoa da, kontratuak gora-beheraren bat sortzen bada, eta horiek eragin ekonomikoa baldin badute, udala arduratuko dela hori guztia finantziatzeaz. Horrela, obraren esleipena Tolosako Udalak egingo du datozen egunotan: biharko Gobernu Batzarrean plegua onartuko dute, eta 20 egun argitaratuta egon eta gero, proposamenak aztertu eta adjudikatu egingo dute lana. Htzarmeneko baldintza teknikoak betetzen direla gainbegiratzeko Bide Azpiegituretako teknikaria, berriz, foru aldundiak izendatuko du.

"Aspaldian egin beharreko zerbait"

Ibai Iriarte alkatea "pozik" azaldu da eraberritze lan hauen aurrea, "aspaldidanik egiteko zegoen zerbait" zelako: "Lan hauei esker Iruña etorbidea hirigune izatera pasako da, gaur egun ez baitu eremu urbano itxurarik. Horrek herritarrek bidea zabalduko die, eta kale itxura emanez, etorbidea auzoan integratzea da gure nahia, auzoa Tolosako erdigunera hurbiltzearekin batera". Larraitz Ugartek ere iritzi bera azaldu du, eta aldaketa hau Tolosarentzat ona izango dela dio.

Tolosako alkateak auzotarrekin izan duten "etengabeko elkarlana" ere nabarmendu nahi izan du agerraldian. Izan ere, duela bizpahiru urte auzo-galdeketa egin zuten auzotarren artean, Amarotzerako egokiena iruditzen zitzaien sarbidea aukeratzeko. Horrela, errepideko obra hauen ondoren Amarotz auzoko sarbideak berrituko dituzte, eta epe motzean erabiltzen ez de futbol zelaia berdegune bilakatuko da: "Amarozko Auzo Elkartearekin elakrlanean aritu gara hau guztia sortzeko, eta oso pozik gaude".

Amarozko urbanizatze lan hauek urtarrila amaieran edo otsailean hastea aurreikusten du Tolosako Udalak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!