Eredu propioaren alde urratsak emateko unea dela dio LABek

Iñigo Terradillos 2013ko aza. 26a, 15:21
Langabeziaren salaketa egin eta enplegu duina sortuko duten neurriak aldarrikatzeko helburuz, Mobilizazio Eguna antolatu du LAB sindikatuak. Enplegu eta negoziazio kolektiboaren defentsan. Lan harreman eredu berri baten alde lelopean, bi egunetan burutuko dituzte protestak. Lehena bihar izango da, eskualde mailakoa, Tolosan. Bigarrena, Donostian larunbat arratsaldean egingo duten manifestazioa izango da, eta bertara joateko deialdia zabaldu dute.

LABetik adierazi dutenez, «alternatiba herri honen ezaugarri propioei erantzuten dien eredu berri batetik etorriko da». Izan ere, sindikatuaren ustez, «Euskal Herrian ematen ari den langabeziaren eta pobreziaren gorakada orain arteko eredu ekonomiko eta sozialaren porrotaren adierazle da». Eman dituzten datuen arabera, azken bost urteetan 203.000 lanpostu baino gehiago galdu dira eta, ondorioz, egun 210.000 pertsona baino gehiago daude langabezian Hego Euskal Herrian, hauetako ia erdia inolako babes gabe. Tolosaldeari dagokionez, 1.600 lanpostu galdu dira, 3.205 langabe daude egun. LABek gehitu duenez, gaur egun, gainera, «enplegua edukitzeak ez du bermatzen bizi duina garatu ahal izatea, hamar langiletik lau pobrezia mailatik behera baitaude».
Eskualdean sare industriala «abiadura handian gainbehera» doala dio LABek: «Gorostidi, Emusi, Calguinox, Urto, Perot, Amaroz Paper Fabrika... hamaika enpresa itxi dira azken bost urteetan eta beste hainbeste ditugu arazo larri edo itxiera mehatxupean: Endaki edo Marie Brizard, esaterako». Hala, multinazional handien erabakiek «gogor» kolpatu dutela eskualdea adierazi dute, «irabaziak izan arren langileak kaleratu, soldatak jaitsi edota kasurik okerrenetan enpresak itxi dituztelako».
Arazo «politikoa»
Enpresen itxiera, langabezia eta pobrezia ez direla krisiaren emaitza «naturala» esan du LAB sindikatuak, «aplikatzen ari diren politiken emaita zuzena dira». Halaber, «erreforma desberdinek (lan merkatua, pentsioak...), emakumezkoen lan diskriminazioak edota babes sistemaren eta zerbitzu publikoen deuseztapena» bezalako neurriek ondorio eta helburu berbera daukatela gehitu dute: «gutxi batzuek aberastasuna metatzen jarraitu ahal izateko, herritarren gehiengoa guztiz pobretu behar dute».
Beraz, LABen arabera, langabezia eta pobrezia «arazo politikoak» dira, eta langabeziak gora egiten du langabezia sortzen duten politikak egiten direlako, bai patronalaren aldetik, bai eta gobernuen aldetik ere: «Gasteizko Gobernutik hasita, enplegua suntsitzen duten erabakiak hartu eta inposatu dituzte, jardunaldiaren luzapena eta ordezkapenik eza, kasu, eta patronalari ere botere osoa eman zaio azken erreformarekin, nahi duten eran erabaki ahal izateko».
Sindikatutik diotenez, «inposatu» nahi duten lan harreman eredu horrek —«patronalaren botere absolutua langileak kaleratzeko, jardunaldiak luzatzeko, soldatak jaisteko, malgutasuna inposatzeko...»— eta eredu ekonomikoak —«lan kostuen jaitsieran oinarrituta prezioetara lehiatzeko, jakinda beti egongo dela merkeago egingo duen beste bat»— langile moduan eta herri moduan «porrotera» garamatza, eta ondorio «lazgarriak» gure eskualdean ikusten ditugu egunez egun.
Gogoetaren beharra
LABen arabera, eredu ekonomiko eta sozialaren inguruko «gogoeta sakona» beharrezkoa da, «herri honek biziraungo badu». Eztabaida hori lan harreman ereduaren eztabaidarekin lotua egon beharko litzateke: «Gure herriko ekonomia, dituen ezaugarri bereziekin, ez da inoiz berpiztuko lan harreman eredu prekarioan oinarrituta eta negoziazio kolektiboari uko eginez. Herri bezala pentsatzen eta eredu ekonomiko sozial eta propio baten aldeko urratsak ematen hasteko garaia da, lehiakortasuna lan merkatuaren etengabeko prekarizazioan bilatuko ez duen eta enplegu duina bermatuko duen eredu baten alde».
Bide horretan, Negoziazio Kolektiboari irtenbidea ematea «beharrezko» jo dute, bestela, egoera «asko larrituko» litzatekeelako. «Ikasturte honetan langileriak eginiko borrokari esker, eta ez patronalaren jarrerari esker, uztailaren 8an ez da amildegirik egon, eta kasu askotan abenduaren 31ra arte luzatu dira lan baldintzak». Bada, epe hori kontuan hartuta, «inflexio puntu garrantzitsua» dagoela, eta hilabete hauek «erabakigarriak» izango direla azaldu dute. Hori dela eta, «eguneratu» egin du estrategia LABek, eta enpresetan hitzarmenak lantzen hasi dira, enpresa zein sektoreetakoak, «eduki duinekin defendatzeko».
LABek dioenez, langabeziari eta pobreziari aurre egitea posible da, baina, horretarako, mobilizazioa, borroka eta elkartasuna direla bitartekoak esan dute, euren Mobilizazio Egunera herritar oro deituz.

Mobilizazioak
Azaroak 28, osteguna
Eguerdian. Mobilizazioak lantegietan.
19:00. Manifestazioa Tolosan, Triangulotik abiatuta.
Azaroak 30, larunbata
17:30. Manifestazioa Donostian, Bulebarretik abiatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!