Jose Manuel Jimenez ‘El Super’: «Ez dakit nork sartu digun buruan, neguan etxean ia biluzik ibili behar dugula»

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 13a, 12:48

Jose Manuel Jimenez 'El super'
El Super ezizenez ezagunagoa da Jose Manuel Jimenez (Basauri, 1965). Bizkaian jaio bazen ere, Nafarroan bizitzen daramatza bere bizitzako urte gehienak, eta energia gaien inguruan bereziki aritzen den ingurumen aholkularia da.

Energiaren gaia herritarrengana gerturatzen du, eta horretarako dibulgazio liburuak argitaratzeaz gain, hainbat tresna sortua da Jimenez: eguzki-energiaz funtzionatzen duten sukalde eta hegazkina, kasu. Gaur, Tolosako Energiaren inguruko jardunaldien lehen egunean, Etxe barruan energia nola aurreztu saioa eskainiko du, 19:00etan, Topic zentroko aretoan.

Zertaz ariko zara hitzaldian?
Tailer praktiko bat izan dadin saiatuko naiz, ezer eraiki edo sortuko ez dugun arren. Finean, etxe barruan aurrezteko eta eraginkortasuna lortzeko trikimailuak eta aholkuak emango dizkiet bertaratuei. Era berean, gailu edo tresnak ere erabiliko ditut adibideak jartzerakoan, esaterako, bonbillak, kontsumo neurtzaileak eta ordutegia programatzen duten tresnak. Jendeak tresna hauek ezagutzeko aukera izango du, eta galdetu egin ahal izango didate zalantzaren bat izanez gero. Saio parte hartzailea izatea nahi dut.

Herritarrek behar dutena baino askoz ere energia gehiago kontsumitzen al dute?
Oro har, herritar gehienok behar duguna baino gehiago kontsumitzen dugu, funtsean, informazio faltagatik. Horren ondorioz, hezkuntza falta ere badugu, eta horrek dakar gehiegizko kontsumo hori. Energiarekiko gure jarrerak nolakoa izan beharko lukeen azaldu izan baligute, gauzak zuzenago egingo genituzke.

Informazio falta horrek loturaren bat izan al dezake energia enpresen interesekin?
Energiarekin dugun harremana, eraginkortasun harremana da: gela bat berotu nahi baldin badugu, berotu egiten dugu; argia nahi badugu, argia pizten dugu; eta leku batetik bestera mugitu nahi baldin badugu, mugitu egiten gara. Gutxitan jartzen ditugu balantzan, ordea, bi zatiak. Erosotasunari eta guk nahi duguna lortzeari begiratzen diogu, baina aldiz, ez dugu hain kontuan hartzen hori guztia lortzeko behar den baliabide kopurua. Beraz, eraginkortasuna lortzeko, ekuazioko bigarren zatiari ere erreparatu behar zaio, eta bigarren zati hori, dena ahalik eta bitarteko gutxienekin egitea da. Hori litzateke eraginkortasunaren iraultza. Lehenengo, beraz, kontzientzia hartu behar da, eta gure poltsikoarentzat ona dela pentsatzeaz gain, guretzat, Lurrarentzat eta gainontzeko izaki bizidunentzat ere ona dela pentsatu behar da.

Erosotasunarekin bateragarria da hori?
Erosotasuna lortzea ere oso garrantzitsua da. Gu aurrezteaz eta eraginkortasun energetikoaz ari garenean, ez gara esaten ari kandelak erabiltzera itzultzeko, eta ezta etxean hotza pasatzeko ere. Behar bada hori da gainditu beharreko lehen oztopoa: jendeari sinestarazi behar zaio, badugula zientzia eta jakituria nahikoa, erosotasun maila bera askoz ere baliabide gutxiagorekin lortzeko. Hau lortuz gero, munduan herritar gehiago biziko lirateke baldintza duinetan.

Horra iristeko, zein aholku proposatzen duzu, adibidez?
Etxe batean argiztatze bera izan dezakegu, besterik gabe, erabiltzen ez diren argiak itzaliz. Ez du inolako erosotasunik, jenderik ez dagoen gela batean argia piztuta izateak. Nire aholku guztiak gauza arruntak dira. Inori argirik ematen ez dion bonbilla bat itzaliz, esaterako, %100ean aurrezten da. Konforta eta energiaren aurreztea bateragarriak direla esateko adibideetako bat da hau, baina beste hainbat gauza txikik eragin dezakete aurreztea: erabiltzen ez den gela bat ez berotzea, edo berogailua hain tenperatura altuetan jarri beharrean, etxean arropa gehiagorekin ibiltzea.

Akatsa da berogailua tenperatura altuegietan programatzea?
Ez dakit nork sartu digun buruan, neguan etxean ia biluzik ibili behar dugula. Nire ustez, askoz ere osasuntsuagoa da, neguan, etxean ere, arropa gehixeago janztea. Izan ere, etxean ia biluzik ibiltzen bagara, kalera irteteko arropa gehiago jantzi behar dugu, eta jauzi termikoa askoz ere handiagoa da; hori ez da mesedegarria gorputzarentzat. Askoz hobea da, neguan, etxean arropa gehiago janztea, eta modu honetara, termostatoko tenperatura gradu bat edo beste jaisteko aukera izango dugu, energia eta dirua aurreztuz.

Azken urteotan aurrerapauso batzuk eman dira energia berriztagarrien erabileran. Dena den, gehiago gizarteratu behar dira?
Energia iturri berriztagarrien inguruan iraultza handi bat sortzen ari da, eta ni iturri hauen defendatzaile sutsua naiz. Baina esan beharra dago, hainbat eredu daudela. Hitz gakoa galderan aipatutakoa da, hain zuzen: gizarteratzea. Energia berriztagarrien artean nabarmenetako bat eguzkitik jasotako energia da, berriztagarriena. Honek, nahiz beste energia berriztagarriek, muinean arazo bat dute: zaila da iturri hauek sortzea eta metatzea, eta zabaltzea eta saltzea ere bai. Honenbestez, energia berriztagarriak zinez errentagarri, geldiezin eta ezinbesteko izango dira, gizarteak erabiltzen dituenean.

Urruneko kontua al da hori?
Iristen ari da, besteak beste, gailuen prezioak sekulako beherakadak izaten ari direlako. Jende askok energia berriztagarrien aldeko apustua egin behar izan du, eta honen inguruko industria hazi egin da. Ondorioz, gaur egun eguzki-energia eta energia-eolikoa ekonomikoki errentagarriagoak dira kilowatt-ak sortzerakoan, ohiko energia iturriak baino. Eta hemen bidegurutze bat sortu da, arazo bat baitute elektrizitatea komertzializatzen duten enpresa handiek.

Eredu aldaketa hori enpresa handi hauen heriotza al da?
Urte batzuk barru ez da elektrizitatea sortu eta salduko duen zentral handirik izango, eta honen ordez, gaur egun kontsumitzaile hutsak garen erabiltzaile asko autokontsumitzaile bilakatuko gara, geure etxebizitzetan elektrizitatea sortuko dugulako modulu fotovoltaikoen bidez, haize-errota ekonomikoekin nahiz biomasarekin. Hau gertatzen denean, orain arte enpresa handientzat monopolioa izan den pastela mahaitik kenduko diegu, eta eurentzat gogorra da. Energia berriztagarrien erabilera oztopatzen ari dira, eta ezkutatu egin nahi dituzte iturri hauen dohainak: aldaketa deszentralizatu bat, energiarekin harremanetan izateko modu inteligenteago bat, eta noski, eraginkortasuna.

Kontsumoa murriztearekin batera, zure aholkuei jarraituz jendeak bere fakturetan ere dirua aurreztuko du.
Noski, guztiok nahi dugu gure poltsikoa ahalik eta lasaien ibiltzea, eta are gehiago krisi garai hauetan. Horregatik, nik beti azpimarratzen dudan diskurtsoetako bat zera da, diru kontua ere badela. Ez dugu zertan lotsagorritu beharrik, gure etxeko ekonomiari begiratzen diogulako. Energia modu eraginkorrean erabiltzea eta kontsumoa murriztea errentagarria da herritarrontzat. Gainera, hilabete amaieran balantza gero eta gehiago doa defizitaren aldera, prezioak igo besterik ez direlako egiten. Kontsumoa jaisten den arren, elektrizitate enpresa handiek irabazi berak edo handiagoak izaten jarraitzen dute, eta hau kontsumitzaileontzat bidezkoa ez den negozio bat da.

Jende guztiari gomendatzen diozu, beraz, gaur zure saiora joatea, eta are gehiago krisi garaian, ezta?
Batez ere, parte hartzeko aukera izango dutelako gomendatuko diet, herritarrei, saiora joatea. Gaur egun informazio asko dugu, hainbat bidetatik jasoa, baina askotan oso zaila da pertsona bati zerbait galdetu, begietara begiratu, eta egia erantzungo dizula jakitea. Beren kezkak partekatzeko gunea izango da, beraz.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!