Energia eta dirua aurrezteko saio praktikoak hasiko dira gaur

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 13a, 12:36

'Energia inguruko jardunaldiak' aurkeztu dituzte.
Tolosako Udalak lehen aldiz antolatu ditu ‘Energiaren inguruko jardunaldiak’, gaia herritarrei hurbiltzeko helburuz.

Gaur hasi eta ostiralera bitarte, Energiaren inguruko jardunaldiak izango dira Tolosan, lehenengoz. Udalak Energia Mahaiarekin elkarlanean antolatu du egitasmoa, eta Alkate Itunaren harira, 2020. urterako ezarritako helburuekin bat egiteko bideetako bat da.
Aurkezpen agerraldian, moderatzaile lanetan ariko den Jokin Aldazabal kazetaria, Hasier De los Rios zinegotzia eta Tolosaldea GLHIko Xabier Gartzia ikaslea izan ziren, eta nabarmendu zutenez, sarri energiaren gaia teorikoegia izaten da, eta herritarrei urruneko kontua iruditzen zaie. kasu honetan, ordea, hori da hain zuzen, jomuga nagusietako bat: energia eta honen kontsumoaren gaia herritarrei hurbiltzea, kontzientzia nahiz informazioa zabaltzeko.
Horregatik, praktikotik gehiago izango dute saioek, teorikotik baino, eta norbere etxean gauza txikiak eginez elektrizitatearen faktura murrizten irakatsiko diete, besteak beste, bertaratzen direnei.
Egunero hitzaldi edo mahai-inguru bat izango da 19:00etan, baina ordubete lehenago, tailerrak egingo dituzte, Tolosaldea GLHIko ikasleen eskutik. Biak ala biak, Topic zentroan izango dira; tailerrak ambigu
gunean, eta hitzaldiak, berriz, aretoan.
Gaur El Super-ek irekiko du egitaraua, eta etxean energia aurrezteko bideez ariko da, adibide praktikoekin. Tailerrean, berriz, etxetresnetan moldaketa txikiak egiten irakatsiko diete bertaratuei, kontsumoa jaisteko.
Biharko kasuan, egitaraua berokuntzari eskainitakoa izango da. Horrela, tailer praktikoa berotze sistema eta galdaren erakusketak osatuko du, eta mahai-inguruan, berriz, eraikinetako energia aurrezteaz ariko dira eskualdeko berokuntza enpresetako zenbait ordezkari.
Azkenik, ostiralean, argindarraren inguruan sortuko dituzte saioak. Tailer praktikoari dagokionez, argindarraren faktura interpretatzen irakatsiko diete herritarrei, eta norberak bere faktura eraman beharko du: «Herritarren gehiengoak behar duena baino potentzia gehiagoko argindar kontratua dauka, eta hori informazio faltagatik da. Gainera, askok ez dakite faktura interpretatzen», azaldu zuen Jokin Aldazabal kazetariak aurkezpen agerraldian. Honenbestez, fakturak interpretatuz kontsumoa nahiz gastua murrizteko jarraibideak eskainiko dizkiete bertaratuei.

Alkateen Itunetik 2020ra begira
Tolosako Udala 2011. urtean sartu zen Alkateen Itunean, eta agiri hori sinatzeak hiru konpromiso betetzea ekarriko dio udalari, 2020ra begira: «Energia berriztagarrien bitartez erabiltzen dugun energiaren %20a lortu beharko dugu, batetik, eta era berean, energiaren kontsumoa %20 aurreztu beharko dugu. Azkenik, CO2 isurketak ere %20 jaitsi behar dira», azaldu du Hasier De los Riosek Tolosaldeko Ataria irratian.
Alkateen Ituneko edukiekin lanean hasteko lehen pausoa, Tolosako Energiaren Mahaia sortzea izan zen, eta bertan energian aritzen diren hainbat eragile daude. Era berean, herriko errepideetan, gehienez ere 30km/h abiadura ezartzea eta kaleko hainbat farolen bonbillak aldatzea ere, egitasmo honen barruko erabakiak izan dira, auzo konpostagailuak jartzearekin batera.
Energiaren inguruko jardunaldiak, noski, 2020. urtera begirako plan horren zati dira, eta CO2 isurketa murrizte aldera «lehenik herritarrak informatu behar dira», De los Riosek dioenez. Horregatik, izaera pedagogikoa izango dute saioek, ulerterrazak izate bidean.

Egitaraua

Azaroak 13, gaur
18:00. Tolosaldea GLHIko ikasleekin etxe-tresnen inguruko tailerra.
19:00. Etxe barruan energia nola aurreztu saioa, Jose Manuel Jimenez El Super-en eskutik.  
Azaroak 14, Bihar
18:00. Berokuntza sistemen eta galdara moten inguruko erakusketa, eskualdeko enpresen eskutik.
19:00. Mahai ingurua berokuntzaren inguruan: Eraikinetan energia nola aurreztu. Hizlariak: Lander Arregi, Julen Puncel, Beatriz Castilla eta Joaquin Sanchez. Moderatzailea: Jokin Aldazabal.  
Azaroak 15, ostirala
18:00. Argindarraren fakturak ondo interpretatzeko tailerra, Tolosaldea GLHIko ikasleen eskutik. Norberak etxetik bere faktura eramatea gomendatu dute arduradunek.
19:00. Mahai ingurua argindarraren inguruan: Indarrean dagoen eredu energetikoa, eta alternatibak. Hizlariak: Xabier Dorronsoro, Pello Insausti, Imanol Etxeberria eta Alberto Bezunartea. Moderatzailea: Jokin Aldazabal.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!