Eguberri Umama diskoaren aurkezpenerako sarrerak, salgai

Tolosaldeko Ataria 2013ko azaroaren 7a

Juantxo Zeberio Etxetxipia pianista eta konpositoreak abesbatza eta jazz laukotea (saxoa, pianoa, bateria eta kontrabaxua) uztartuz sorturiko hirugarren lana da Eguberri Umama.

2003an Umama!! (Elkar) eta 2007an Umama2 (Bonberenea Ekintzak) CD-ak kaleratu ondoren, segida horretan hirugarrena izango da.

Zeberiorekin batera, Sustraien Ahotsa abesbatza, Migel Zeberio zuzendaria, Gonzalo Tejada kontrabaxujolea, Mikel Andueza saxofoijolea, Hasier Oleaga bateriajolea, eta LASKabesbatza eta Orkatz-txiki haur abesbatzak aritu dira.

Artze poetaren hitzak ekartzen ditu Zeberiok proiektua definitzeko: Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik. "Guk ere sustraietara jo dugu berriz ere, zerbait berria, berezia eskeintzeko asmoz". Eguberri Umama - Basque Christmas Songs izeneko lan berrirako, txiki-txikitatik etxean eta kalean entzun eta abestu dituen gabon kantak hautatu ditu Zeberiok. Guztira hamar kantu dira: 

1.Ator-Ator (Herrikoia)
2.Noel-Noel (Herrikoia)
3.Mesias Sarritan (Ercilla)
4.Oi Betleem (Herrikoia)
5.Santus (I.Mokoroa)
6.Elurra mara-mara (Serge Jarof)
7.Izar baten gainean (Juantxo Zeberio/Karlos Linazasoro)
8.Orbelak airez-aire (Herrikoia)
9.Aleluya (I. Mokoroa)
10.Izar txuri txuri bat (E. Mokoroa)

Crowdfunding bidez jaso dute diskoa grabatzeko dirua, baina Zeberioren esanetan, hori baino gehiago da: "Prozesu horretan parte hartu duenari ez zaio dirua soilik eskatzen, proiektuko parte-hartzaile egiten da, eta zerbait jasotzen du horren trukean". Era berean, parte hartzaile guztiei "asko eskertu" nahi izan die tolosarrak.

ESTREINUA ABENDUAREN 13AN

Diskaren estreinaldia, abenduaren 13an egingo dute Tolosan. Leidor Aretoan izango da emanaldia, eta sarrerak salgai daude dagoeneko. Leidorreko lehiatilan eskuratu daitezke zine eta ikuskizun ordutegietan, edo bestela, internet bidez eros daitezke, www.kutxasarrerak.net webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!