Hiru kaleratu gehiago izango direla jakinarazi du SAM enpresak

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko azaroaren 1a

Enpresa zuzendaritzak, argudio gisa, ekoizpen eta ekonomia arazoak erabiltzea salatu dute langile ordezkariek.

Arantxa Jauregirekin, SAM enpresan LABen ordezkaria, hitz egin du Ataria Irratiak.

Tolosako SAM enpresako zuzendaritzak, hiru langile gehiago kaleratuko dituztela jakinarazi die beharginei. Langile ordezkariek, honen aurrean, «egun batetik bestera kaleratzeen berri, era traumatikoan ematea» salatu dute.
2011ko irailean hasi zen SAMko auzia, eta orduz geroztik, 20 izan dira, Tolosako enpresak kaleratu dituen langileak; azken kaleratzeak pasa den martxoan izan ziren, eta bost langile geratu ziren lanik gabe.
Egoera honen aurrean, langile ordezkariek TOMPLA multinazionalaren jarrera gogor salatu du: «Madrilgo TOMPLA buru du SAM enpresak, eta taldearen irabaziak handitzea da euren helburu bakarra; erabaki guztiak, beraz, Madrilen hartzen dituzte», diote, Honi, gainera, hemengo zuzendaritzak Madrildik datozen aginduak «zintzoki» betetzen dituela ere gehitu diote, ordezkariek.
Enpresa buruekin hitz egitea eta negoziatzea da, finean eskatzen dutena: «Kaleratzeak albo batean utzi eta enpresako egoera aztertzea eskatu diegu hamaika aldiz, neurriak hartzeko. Uko egiten diote honi, ordea, eta agerian geratzen da ez dutela negoziatzeko inongo borondaterik».
Horrenbestez, «kaleratze objektibo gehiago ez egiteko konpromisoa» eskatu diete, langile ordezkariek, enpresa zuzendaritzako kideei. Orain arte egindako kaleratze «unilateral eta traumatikoen ordez», beraz, enpresaren etorkizuna ezagutu nahi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!