Txabolatik Frontoira

Martxelo Otamendi 2013ko aza. 1a, 18:56
Lou Reed eta Ruper Ordorika Fronton jatetxearen kanpokaldean. ATARIA
Urte asko (26 inguru?) behar izan zituen Lou Reedek San Frantzisko pasealekua gurutzatzeko, nahiz 100 metro eskas egongo diren Leidorren parean zegoen Txabola mitikotik Frontoira.

Adinduek garai bateko istorioak kontatzeko daukaten zaletasun arriskugarria nire gain hartuta, komeni da gogoratzea zer arrago papera egin zuen Joxemari Tudirik, Leidorren parean, familiaren etxeko lore berotegian zabaldu eta kudeatu zuen Txabola tabernak. Pub deitzen genion orduan, arratsaldetik aurrera bakarrik zabaltzen zuelako, bi disko plater zeuzkalako eta berandu ixten zuelako. Aurrenekoetakoa izan zen Tolosan, eta familia politiko eta sozial desberdinen topaleku  bihurtu zen, franskimoaren ondorengo lehen urteetan. Antologikoak, Herri Batasunako eta Euskadiko Ezkerrako Tolosako buruzagien arteko eztabaida amaiezin bezain astun eta errepikakorrak. Alde bakoitzeko bi ziztalari nagusiak, zorionez, bizirik daude, eta nik baino hobeto konta dezakete nola nahas zitekeen konbertsazio berean Juan Mari Bandresen azken adierazpen politikoa Tolosako Udalaren hirigintza batzordearen ez dakit zer erabakirekin.
Eztabaida haiek irensteko derrigorrezkoak ziren hiru osagarri: tragoak, garagardoak, kubatak eta ginkasak (gintonika geroagokoa da), zigarroak (arruntak, eta tropiezoekin) eta musika. Bi musika mota nagusitzen ziren Tuduriren giza laborategi hartan. Euskarazkoa, autoeskolako hiru L-ak (Laboa, Lete eta Lertxundi), eta hasi berriak ziren taldeenak; eta ingelesezko rocka orduko izan handiekin, Lou Reed, Eric Clapton, Joe Cocker eta konpainiarekin. Bata bestearen atzetik, eta tartekatuta, sor zitezkeen musika erreproduzitzailetik ingelesezkoa eta euskarazkoa, sinbiosi adierazgarrian. Hobeto konpontzen ziren garai hartan, harmonia ederrean, Cocker Leterekin eta Reed Laboarekin, arestian aipatutako zinegotziak elkarrekin baino. Hura bai elkarbizitza, musika haiena; eta orain horrenbeste hitz egin eta inork zer den ez dakiena.
Sinbiosi hartan, Laboa, Lete eta Lertxundi zaleok Reed, Clapton eta Cockerrekin zaletu ginen, kantari zoragarri haien berri eduki genuen, eta gure diskotekako ateak zabaldu genizkien. Beste  horrenbeste egin zuten rokeroek euskal kantariekin; ordura arte bizkarra emanda zeuzkaten euskal kantariekin zaletu eta bereganatu zituzten.
Hasi da tropa urritzen, Laboa eta Lete joan ziren (gure artean segitzen dute baina), eta Lou Reed falta zaigu igandetik. 2006ko ekainean Ruper Ordorikaren anaia Jonanek Lou Reed Frontoi jatetxera bazkaltzera ekarri zuenean, aukera ederra galdu genuen Txabolatik ostikoka ere ateratzen ez gintuztenak ostera bildu, Tuduri aztiburu, garagardo batzuk edan, eztabaida politikoak errepikatu eta rockaren maisuari autoeskolako hiru L-ren kantak kantatzeko. Eta bukaeran denok Sweet Jane, Ruperren gitarrarekin.

Erlazionatuak

Lou Reed Tolosan izan zenekoa

Tolosaldeko Ataria 2013 urr 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!