Berazubiko estadio berritua erabilgarri herritar guztientzat

IƱigo Terradillos 2013ko aza. 1a, 14:25
Berazubiko estadio eraberrituak ireki ditu ateak, eta aurrerantzean herri osoari zabalik izango da. Sarrera, aldagelak, tribuna, gimnasioa, padeleko bi pista eta erreka ondoko paseoa zein itxitura dira lehen fasean berritu dituztenak.

Martxoan hasitako obrak iritsi dira amaierara, eta Berazubiko estadioa erabilgarri izango da herritar ororentzat azaroaren 4tik aurrera. Lehen fase honetako obrek 1.011.000 euroko kostua izan dute, eta udalak finantzatu du osotasunean.

Pproiektua aurrera eramateko ezinbestekoa izan da, Tolosa CFk, Muñoa Fundazioak eta Tolosako Udalak sinatutako hitzarmena. "Izan ere, akordioari esker Tolosako Udalak, eta era berean tolosarrok, ondorengo 50 urteetan eremua erabiltzeko eskubidea izango dute. Hori dela eta, bereziki eskertu, Muñoa Fundazioari bere eskuzabaltasuna", adierazi dute udaletik.

Eraberritze lanekin lortu nahi izan den helburuetako bat, auzoaren eta kirol ekipamenduen arteko harmonia sortzea izan da eta horretarako, estadiuma inguratzen zuen paretetako bat kendu da. Bestalde, lehen fase honi esker, oso egoera kaskarrean zeuden, eta ezinbesteko eraberritze beharra zuten guneak berritu dira. Hau da, tribuna, aldagelak eta gimnasioa. Horrez gain, zerbitzu eta kirol eskaintza handitu da, padeleko bi pista zein areto berri bati esker.

Proiektu honen bitartez, Tolosako kirol baliabideen eta aktibitateen eskaintza handitzen da, baita tolosarrek kirola egiteko aukerak ere. Honez gain, Tolosa CF-n dabiltzan haur eta gazteek kirola egiteko egun dituzten baldintzak nabarmen hobetzen dira. Horrela, eraberritzearekin, zeharka, estadioaren erabilera ere areagotu nahi da, Berazubi "kirolez eta gaztetasunez betez".

Berazubi berritua Usabal kiroldegiaren osagarri izango da. Egun, kiroldegiko bazkide direnek hemendik aurrera Berazubiko ekipamenduak erabiltzeko ere erabili ahal izango dituzte. Hala, gimnasio bat, bi padeleko pista eta erabilera anitzeko areto bat eraiki dira bertan, eta horiek ere Usabalgo bazkideen esku geratuko dira. Gainera, orain arte Berazubik zuen gabezietako bat beteko da, instalazio estalirik ez izatearena.

Aipatu bezala, udalak inbertsio hau bere osotasunean finantzatu du eta berau mantentzeko kostuak erabiltzaileen gain geldituko dira. Horrela, gastua finantzatzeko proposamenean Tolosako kiroldegiko erabiltzaileei hileko euro bat igotzea adostu da 2014etik aurrera, 18 urtetik beherakoei izan ezik. Beraz, igoera hau ez da urte amaiera bitarte aplikatuko. Beraz, Udalak euro bateko igoera aplikatuko die 18 urtetik gorako erabiltzaileei. Honekin lotuta, aipatu beharra dago, 2013 urtean BEZaren igoeraren ondorioz udalak ez ziela KPIaren igoera erabiltzaileei aplikatu. 

Proiektu osoaren aurrekontua 2.869.000 eurokoa da, eta udala, une honetan, bigarren fasea aurrera eraman ahal izateko finantziazio bideak adostu nahian dabil, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Eusko Jaurlaritzarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!