Juantxo Arakama: "Letraz gain, melodiak ere transmititzen du"

Olatz Artola 2013ko urr. 18a, 16:18

Glaukoma garden ikusten uzten ez duen sintoma da, eta Juantxo Arakamaren ustetan, gizartea glaukomak jota dago. Talde tolosarrak euren musikaren bitartez gizarteari eragiten dieten gaitzak azaltzen ditu, beraien inguruak ahalik eta garbien ikusi dezan. Gaur hori lortzeko asmoarekin eta gozatzeko helburuarekin izango dira Bonberenean, beraien diskoaren aurkezpenean: Vol2. Hilaren bukaeran aldiz Japoniara doaz sei hiritan sei kontzertu ematera.

Gizartean glaukoma asko al daude?
Glaukoma itsutasun bat bezala hartzen badugu, hau da, gizartean gertatzen diren gauzak ikusten uzten ez digun sintoma bezala, esan dezakegu glaukoma asko egoteaz gain, gizartea itsututa dagoela. Boterean dagoen sistema ekonomikoak eta politikoak horrela nahi duenez eta horretarako arma asko dituenez, gizartea bere modura moldeatzen du.

Zer egin daiteke garden ikusteko?
Mundua beti aldatzen doa teknologia aldatzen joan den heinean, eta egun, zorionez, baditugu tresnak manta ilun hori zulatzeko.

Eta Euskal Herrian reggae-rap taldeak beti egon dira?
Badirudi geroz eta gehiago azaltzen ari den estiloa dela, baina urte asko dira Euskal Herrian reggae-rap estiloan lanean dabiltzala. Guretzat Bad Sound System taldea da erreferentea. Aitzindariak izan dira euskal musikagintzan estilo horiek jorratzen, jasotzen eta Jamaika Sound System estiloa ondoen ulertzen.
Euskal musikaren ibilbidean ikur izan dira gaztetxeak. Zuek lotura zuzena duzue Bonberenearekin.
Gaztetxeak funtsezkoak dira. Musika munduan dauden talde ia guztiak gaztetxe mugimendutik hasi dira, jotzeko eta garatzeko aukera ematen baitute. Hemen gainera zirkuitu handia dago, eta horri egotzi diezaiokegu amateur kategorian dagoen maila.

Zuen letretan behin eta berriz entzun ditzakegu «izan piromano» bezalakoak. Zergatik sua pizteko beharra?Kultura garatzea oso garrantzitsua delako. Kultura gizarte batean funtsezkoa da, eta kultura alternatiboa da menderatzaileetatik ateratzen gaituena. Gaztetxeak ihesbide moduko bat dira, eta gauzak egiteko beste modu bat garatu dezakezu horrelako espazioetan.

Lehen diskoak harrera ona izan zuen. Eta noski, bat ez da nahikoa ezta?
Posible den bitartean ahalik eta gauza gehien egiten saiatuko gara. Gure herrian guri gustatzen zaigun musika estiloa zabaltzea lortzen badugu poztu egingo nintzateke.

Vol.2 zuen bigarren diskoa aurkeztuko duzue gaur, aire berriekin zatozte ezta?
Eboluzio bat izan da; erdi bilatutakoa eta erdi aurkitutakoa. Jungle, drum & bass eta dubsteps doinuak sartzen ahalegindu gara, gustatzen zaizkigun doinuak direlako eta talde moduan interesatzen zitzaigulako bide hori hastea.

Haizea sortzeko asmotan beraz.
Noski. Disko honetan gaiak errepikatzen dira, izan ere, ez da txantxetako kontua gizartea nola dagoen eta nora doan. Islatzen duten hondamendi honentzat, badirudi ez dagoela inolako aukerarik, eta hori da itsutasun handiena. Guk beste ikuspuntu bat emateko beharra sentitzen dugu. Gainera, doinu berriez gain, kolaborazioak ere baditugu.

Lagrimas de sangre taldearena ezta?
Musika entzuten ezagutu genituen. Iker taldekidea beraiekin harremanetan jarri zen asko gustatu zitzaigulako beraien lana. Gure diskoa bidali zien, eta haiei guk egindakoa gustatu zitzaien. Erlazioa estutzen joan zen, modu natural batean, eta elkarrekin kantu bat egitea erabaki genuen. Talde honek duen mezua oso aberasgarria da musikarentzat, eta baita guretzat Bartzelonako taldearen musika gure diskoan edukitzea ere.

Bideoklipa ere egin duzue, hau ere bigarrena.
Bonberenean garatzen dugunez gure ekintza guztia, bideoklipa ere bertan egitea erabaki genuen, Bonbereneako jendearekin. Bideokliparen emaitzarekin oso pozik gaude.

 

Bertsotan aritzen zinen hasierako kontzertuetan, baita kapelan ere. Disko berriarekin taula gainerako baduzue pentsatuta berezitasunik?
Ez daukagu ezer prestatuta, momentuaren arabera egiten ditugun gauzak dira horiek. Orain, gaurko kontzertua daukagu buruan, eta uste dugu emanaldi konpletoa eskainiko dugula prest ditugun kolaborazio eta ezustekoekin.

Janponiara joatea ere berezia izango da ezta?
Bai, oso. Bonberenearen bidez lortu dugu Japoniara joatea. Hona talde japoniarrak etortzen dira, eta urtero joaten da hemengo talderen bat hara. Ohitura horrekin jarraitu dugu; aukera horri heldu diogu eta hilaren 29an abiatuko gara.

Zer topatuko duzue bertan?
Urriaren 30ean ailegatzen gara, sei egunetarako. Egun bakoitzean kontzertu bat eskainiko dugu hiri ezberdin batean. Oro har areto txiki baina kozkorretan izango dira kontzertuak ematen. Jo eta jo ibiliko gara egun horietan, baina horretara goaz.

Musikak letraz haratago transmititzen du ezta?
Hizkuntzak mesede egiten dio, baino letraz gain melodiak ere transmititzen du. Esaten den horrekin bat doa doinua eta igarri egiten da. Hizkuntza tresna bat da. Bigarren disko honetan euskarak karga gehiago dauka horrela eskatu didalako gorputzak, baina normalean etorri ahala idazten dut, abestiak eskatzen didan hizkuntzan.

Gure herrietatik zehar ere ibiliko zarete ezta?
Oraingoz, bihar, Durangon izango gara. Azaroaren 16an Humusekin batera Lasarten eta 26an Arrasa

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!