Juantxo Agirre Mauleon: «Herri guztiek behar dituzte horrelako pertsona ekintzaileak»

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 16a, 12:30
Juantxo Agirre Mauleon.
Aitzol bere garaiko izarra izan ez zen arren, ezinbesteko pertsona izan zela dio Juantxo Agirre Mauleonek. Eider Conderekin batera, 'Aitzol' dokumentalaren zuzendaritzan aritu da Aranzadiko kide den Juantxo Agirre Mauleon tolosarra.

Zergatik hartu duzue Aitzol Euskal Pizkundearen erreferentetzat?
Lehenengo, Tolosan, giza eskubideen alorrean urraketak jasan zituzten pertsona guztien kasuak ikertu eta horren inguruko liburuak argitaratu genituen. Egia da, biktima guztiak berdinak izaten direla. Noizean behin, ordea, badira esanguratsuagoak direnak, eta horietako bat zen Aitzol.
Zergatik?
Ez zen pertsona arrunta: euskararen alorreko erreferentea zen, eta baita prentsakoa, bertsolaritzakoa, politikakoa eta sindikatugintzakoa ere. Horregatik, matxinatuek bera hiltzearekin batera bere ideiak eta testigantzak ezabatu nahi izan zituztela esango nuke. Bigarren maila batean, gainera, bere oroimena desagerrarazi nahi zuten.
Neurri batean lortu zuten?
Lehenengo, Ondarretako kartzelan torturatu egin zuten. Gero, gauez, isilean, idatzizko frogarik gabe, erail eta lurperatu egin zuten Hernaniko hilerrian. Duela urte batzuk Aranzadiko arkeologia talde batek Hernaniko hilerrian ikerketa bat egin zuen, eta ez zuten, Aitzolen eta bere kideen gorpurik aurkitu. Beraz, gure saiakera bere oroimena gizarte honetara berriz ekartzea izan da, nolabait, dokumental baten bitartez. Urteak igaro diren arren, bere lekukoa hor dugula aldarrikatu nahi dugu.
Hainbat esparrutan aritu zen Aitzol, eta gizon ekintzailea izan zen. Ondorengoen eredu ere bai?
Zalantzarik gabe, bai. Xabier Lizardi, adibidez, literaturgintzan aritu zen. Aitzolek, ordea, gizarteko hainbat eremu ukitu zituen. Politika, kultura nahiz lana, esaterako, sare berean bildu zituen. Horregatik, behar bada, arintasunez mugitzen zen arlo bakoitzean, eta guztiak uztartzen zituen, gaur egun bezala. Izan ere, orain ezin dugu ulertu euskararen aldeko jarduera bat prentsarekin lan egin gabe, edo politikarien erabakirik gabe, edo gizartea kontuan hartu gabe. Nire ustez, herri guztiek behar dituzte horrelako pertsona ekintzaileak.
Aitzindaria izan zen bere garaian, beraz.
Batzuetan, bere irudia ikusita, apaiz soila zela iruditzen zaigu. Horren gainetik, ordea, ausardia izaten zuen komunisten eta anarkisten mitinetan parte hartzeko, eta bere irizpideak zabaltzeko. Era berean, El Díaren gisako egunkari bat sortu eta bertan euskara eta euskal literaturaren inguruko artikuluak idazten zituen azalera ateraz, ordura arteko ohituren aurka. Aitzolek duintasuna eman zion bertsolaritzari ere, orduko kultur klaseak bertsolaritza bigarren mailako literatura edo tabernetan sortzen zen kultura zela uste baitzuen. Aitzindaria izan zen, beraz.
Honek gizarte gaietarako dohainak areagotu zizkion.
Bai. Giza eskubideen aldeko defentsan ere aritu zen, ez baitzuen onartu matxinatuen jarrera bortitza; azken unera arte saiatu zen, negoziazioen bitartez, irtenbide bat bilatzen, lortu ez zuen arren. Eta azpimarratzekoa da hemen, bere leialtasuna. Izan ere, erbestean babestuta zegoen arren, bere jendearekin batera borrokatzea erabaki zuen, Agirre lehendakariarengana Bilbora itzuliz. Erabaki horren ondorioz, heriotza topatu zuen bidean.
Euskal Pizkundea mugimenduaren barruan, behar bada Aitzol ez da gerora sonarik handienetakoa lortu duena izan. Dokumental hau bere jardunaren errekonozimendu bat ere izango da?
Ez dago zalantzarik, Lizardik edo Lauaxetak olerkigintzan emandako emaitza goi mailakoa izan zela esaterakoan. Baina kultur mugimendu guztien azpian, beti daude bultzatzaileak diren batzuk; agian ez dira izarrak, baina guztiz beharrezkoak dira. Eta horietako bat izan zen Aitzol. Guztien ezaguna zen, eta baita denen sustatzailea ere. Hitz batean, aktibista hutsa zen, egunkariak sustatu zituelako, edo bertsolaritza sustatu zuelako. Ez zen bertsolari ona izan, baina gaur egungo bertsolaritza ezin da ulertu bere ekarpenak kontuan hartu gabe; bera izan zen saio eta lehiaketak antolatu, eta jendaurrean aurkeztu zituena.
Dokumentalak, guztira, hamaika elkarrizketaturen testigantzak biltzen ditu. Bere izaera dinamikoaren ikuspuntu guztiak eskainiko dituzte?
Hori da. Jarduera anitz baten aurrean irizpide anitzak daude. Alde batetik, irudi zaharrak hartu ditugu filmoteketatik, eta Aitzolen inguruan zeuden argazki guztiak bilatu eta dokumentalean txertatu ditugu. Hori, ordea, ez da nahikoa, gaur egun ezagutzen dugun historia oso administratiboa eta oso hotza delako; guk, Aitzol pertsona moduan nolakoa zen ere jakin nahi genuen, eta hori oso zaila da. Horregatik elkarrizketatuak izango dira filmean.
Noiz hasi zineten proiektu honekin?
Bi urte eta erdi daramatzagu. Aranzadik egin duen lehen dokumental luzea da, eta guztia etxean bertan egin dugu: zuzendaritza, ekoizpena, eta edizioa. Bertan Eider Conde eta biok aritu gara, eta guretzat erronka bat izan da. Dena den, proiektu zabalago baten zati da, eta duela urte eta erdi Tolosako hilerrian jarritako monumentuarekin hasi zen dena. Joan den apirilean, berriz, liburua aurkeztu genuen. Orain, pertsonaia hau berreskuratu nahi izan dugu.
Aitzolen aurpegi ekintzailea ezagutzeko balioko duen arren, bere fusilamenduak ere garrantzia izango du dokumentalean, ezta?
Egunotan Lasa eta Zabalaren inguruko gogoetak egiten ari gara, beren desagerpenaren urteurrenagatik. Hamarkada batzuk lehenago gertatu zen Aitzolen fusilamendua, eta antzeko torturak eta heriotza sufritu zituen berak ere. XX. mende hasieran eta bukaeran, beraz, gertakizun berak suertatu dira Tolosan, eta horrek gogoeta sakona eskatzen du.

Erlazionatuak

Pizkundeko txinpartari, omen

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 urr 16 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!