Pizkundeko txinpartari, omen

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 16a, 12:14
Donostiako Antzoki Zaharrean izango da Jose Ariztimuño 'Aitzol' zenaren omenaldiaren lekuko. Ez da kasualitatez aukeraturiko tokia izan, Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoizturiko dokumentala estreinatzeko. Izan ere, urriaren 16 bat izan zen, Antzoki Zaharretik gertu, 'Aitzol' bizirik ikusi zuten azken eguna, Ondarretako kartzelan.

Sinbolikotasun honen bila joan dira Aitzol. Euskal Pizkundearen heriotza dokumentaleko arduradunak, sinbolotzat baitute Ariztimuño bera ere: «Gure herriko kultur pizkundearen erreferente handi bat izan da, eta euskararen berreskuratzean aitzindari ere bai».
Horrela, eta Aitzolek izandako heriotza lazgarria medio, bere oroimen historikoa ere berreskuratu nahi izan du Aranzadik. Elkartearen lehen autoekoizpen luzea da dokumentala, eta Juantxo Agirre Mauleon tolosarra aritu da zuzendari lanetan, Eider Conde bidelagun izan duela.
Aitzolen izaera ekintzailea hainbat ikuspuntutatik ezagutarazi nahi izan dute ikus-entzunezko lan honetan, eta guztira, euskal gizarteko ordezkari diren hamaika ahotsek osatuko dute dokumentala.
Estreinaldia 19:30ean hasiko da, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta Mikel Markez, Eñaut Elorrieta eta Asier Elorriaga ariko dira saio hasieran; hauekin batera, Harkaitz Canok ere zenbait testu irakurriko ditu.
Estreinaldi guztiek duten berezitasunetik harago, Aitzol. Euskal Pizkundearen heriotza lanaren estreinaldia are bereziagoa izango da, ez baitute 2014ra bitarte, aretoetan eskainiko, Agirre Mauleonek azaldu duenez: «Gaia zaila da, eta gure helburua, datorren urtean Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian film hau aurkeztea da. Ordura arte ez dugu lana inon eskaintzeko asmorik, beraz».


Ezohiko erlijio gizonaren historia
1896an Tolosan jaio zen Jose Ariztimuño Olaso Aitzol, eta herriko erretore euskaltzale Patrizio Orkaiztegiren irakaspenak jaso zituen gaztetan.
Hamahiru urte zituela, Comillasera (Kantabria, Espainia) joan zen bi anaia zaharragoekin apaiz ikasketak egitera, eta Humanitateak eta Filosofia ikasi zituen. Badirudi arrazoi politikoak izan zirela Comillaseko ikastetxetik kanporatu zutenak, eta Gasteizera joan zen, han apaiz jarduteko.
1929ra arte misiogintzan aritu zen, eta bronkioetako gaisotasun bat medio, zeregin horiek utzi egin behar izan zituen. Orduan eman zituen pausorik sendoenak euskalgintzan, Euskaltzaleak erakundea sortzen ari baitzen hain justu, 1929an.
Bere bi abizenen hasierekin osatu zuen Aitzol ezizena, eta 1930etik aurrera, euskal kultura, politika, literatura nahiz artea hizpide izan zituen hainbat artikulutan, sinadura horrekin.
Euskal gizartea eraiki eta nortasuna hartzea helburu zuen, eta El Día egunkaria ere sortu zuen, politikaz eta langile mugimenduez aritzeko. Gasteizko apezpikutzak, ordea, horrelako eztabaidetan ez parte hartzeko agindua eman zion, eta kulturgintzara bideratu zen.
Francoren altxamendua gertatu zenean, ihes egiteko gomendatu zioten, eta Hendaiara joan zen; aurkariekin negoziaketetan aritu zen, ordea, konponbidea lortzeko. Alferrik ari zela ikusi, eta Bilbora itzuli nahi izan zuen.
Baionatik Bilbora zihoan Galerna itsasontzia hartzean hasi ziren bere azken egunak, ordea. Erdibidean, Alcazar de Toledo ontziak Galerna geldiarazi, eta bidaiari guztiak atxilotu zituzten. Gau hartan Ondarretako espetxera eraman zuten, eta 1936ko urriaren 18an Hernaniko hilerrian fusilatu zuten, beste hainbat abertzalerekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!