Migel Arretxe Topic zentroko eta Titirijai jaialdiko zuzendari ohia hil da

Iñigo Terradillos 2013ko urr. 12a, 15:46

Tolosarra ostiralean hil zen, 68 urte zituela, garuneko isuri baten ondorioz. Titirijai Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko jaialdiko zuzendaria izan zen bere sorreratik, 1983. urtetik. Topic Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroaren bultzatzaile eta zuzendari ere izan zen, Idoia Otegirekin batera, eta Unimako lehendakari eta zuzendaritzako kide izan zen.

Tolosako Ekinbide Etxetik pertsona "autodidakta" zela nabarmendu dute, "kulturari erabat lotua eta txotxongiloetan erreferente nazioarte mailan". "Bere izena Tolosari eta kulturari lotua geratuko da betiko", esan dute. Izan ere, Tolosako Ekinbide Etxeko "arima" zela azpimarratzen dute, 1947an gazteen batzordeko kide moduan hasi zenetik. Ekinbide Etxeko kide moduan, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako dinamizatzaile izan zen, baina, bere jarduera nagusia txotxongiloei begirakoa izan da.

Hala, Titirijai Txotxongiloen Nazioarteko jaialdia sortu zuen 1983an, eta Idoia Otegirekin batera, Topic Txotxongiloen Nazioarteko zentroa, 2009an. Erretiroa hartua zuen berriki, baina, hala ere, txotxongiloekin loturiko ekintzetan murgildurik jarraitzen zuen. Izan ere, berak zioen moduan, "amodiozko istorio bat" zuen txotxongiloekin. "Txotxongiloek kasualitatez harrapatu ninduten, antzerkitik bainetorren ni. Haurrak antzerkira gerturatzeko zerbait antolatzea ari ginen pentsatzen, eta txotxongiloen mundua, gehiegi ezagutu ez arren, egokia iruditu zitzaigun horretarako. Horrela sortu genuen Titirijai jaialdia, Tolosan txotxongiloen zentroa eman duena fruitu moduan". Modu horretan azaldu zuen Migel Arretxek txotxongiloekiko zuen zaletasuna.

Bere ibilbidean izan duen kargurik handiena UNIMAko (Txotxongiloaren Nazioarteko Batzarra) idazkari nagusiarena izan zen. 2000. urtetik 2008.era arte jarraitu zuen kargu horretan. Datorren hilean Titirijai Txotxongiloen Nazioarteko jaialdia ospatuko da Tolosan. 31.ena izango da, eta lehena Arretxerik gabe. Hala ere, Tolosako Ekinbide Etxekoek ziur haren presentzia bermatuko dutela.

Txotxongiloen munduak "bere pertsonaia handietako bat" galdu duela adierazi dute Tolosako Ekinbide Etxetik: "Bere lankide izan ginenok kultur kudeatzaile moduan bere ibilbidean zehar lorturikoa eta gizarteari egin dion ekarpena nabarmentzen dugu. Bere bizitzaren erdigune edo erreferentzia nagusia izan da kultura".

 Tolosako Santa Maria parrokian izango da hileta elizkizuna, gaur, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!