Kilometroak 2013

Kilometroetako prebentzio kanpainak eman du bere fruitua

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 11a, 14:04

Urte osoan droga eta alkoholaren kontsumoei begira egindako lanketa bereziak bere eragina izan duela azaldu dute antolatzaileek, eta osasun batzordeko kideei nahiz sorospeneko langileei "nabarmen" jaitsi zitzaien lana igandean.

Tolosako Laskorain ikastolak 2013ko Kilometroak jaiaren antolakuntza hartu zuenez geroztik, helbururik behinenen artean izan du beti, alkoholaren eta drogen kontsumoaren prebentzioa. Bide honetan, urte osoko egitasmo eta lanketan jardu dute, eta balorazio positiboa egin dute; botikin eta sorospen postuetan gazteak artatzen lan gutxiago izan dute, azaldu dutenez.

Prenbentzioari begira abiarazitako plangintzan, arazo honen eraginak jasotzen dituzten eragile guztiak inplikatu nahi izan dituzte KMK festako antolatzaileek, "denen beharra" dagoela uste baitute. Modu honetara, lehenik Laskorain ikastolako guraso, langile eta ikasleen artean hausnarketa bat egin zuten, eta ikastolaz kanpoko laguntza ere izan dute egitasmoak gauzatzerakoan; udal gizarte zerbitzuena eta eskualdeko osasun zerbitzuena, kasu. 

Igandean lan honen guztiaren fruitua jaso zutela diote: "Kilometroetako botikin eta sorospen postuetan gazteak artatzen lan gutxiago izan zuten, eta erosoago bete ahal izan zuten beren zeregina. Gainera, horrelako jaietan neurrigabeko kontsumoak eraginda izan ohi diren gertaerak nabarmen gutxitu ziren urriaren 6an, eta larrialdirik ez zen izan.  Beraz, bidea zein den badakigu eta horri ekingo diogu hemendik aurrera", nabarmendu dute. Aipatzekoa da, honen harira, Tolosako alkate Ibai Iriartek ere gauza bera berretsi duela, eta "aurtengo Kilometroetan koma etiliko bakar bat ere" ez dela izan azaldu du.

365 egun, neurrigabeko kontsumoa gainditzeko

Prebentzioari begira, beraz, Kilometroak egunaren aurretik landu beharreko gauzak zehaztu zituzten lehenik, eta festa egunean bertan bete beharreko jarraibide eta egitasmoak zein izango ziren ere antolatu zuten. Horrela, urriaren 6a iritsi aurretik, honako jarduerak burutu dituzte Tolosan: ikasleen artean prebentzioa lantzeko jarduera bilduma prestatu eta Gipuzkoako ikastetxeetan zabaldu; Tolosako nerabeen familientzako tailerrak egin, Agipad erakundeko adituen eskutik; Tolosako ostalari eta merkatariei sentsibilizazio saioa eskaini, Agipadek gidatua, eta haien konpromisoa eskatu; azkenik, KMK egunean lan egin zuten boluntarioekin formazio saioak ere egin zituzten.

Aurretik egindako kontzientziazio eta prebentzio lan hori beteta, ordea, erronkarik handiena urriaren 6ko Kilometroak jaian izan zuten Laskoraingo antolatzaileek. Horretarako, zenbait neurri hartu zituzten: zirkuituan beira eta alkoholdun edariak sartzea debekatuta zegoela gogorarazteko kartelak jarri zituzten, ibilbideko txosna guztietan Edari alkoholdunen salmenta arduratsua dekalogoa jarri zuten bisitariek irakurri ahal izateko; adin txikiko gaztetxoei ez zieten edari alkoholdunik saldu, eta prebenzio egitasmo hau borobildu eta era berean, sarreretan gazteei informazio emateko nahiz arrisku egoerak ohartarazteko informazioa eman zuten. 

Prebentzio lan hau biribildu, eta bestelako festa eredu batetik hurbilago egon ahal izateko ekimena, ordea, Erronka izan da aurten: "Ikasleek parte hartze zuzena aldarrikatu zuten, eta eskaera horri erantzuteko, Erronka egitasmo berriak arrakasta handia izan du, Gipuzkoako beste ikastolen parte hartzeari esker", diote antolatzaileek.

Azkenik, eskerrak helarazi nahi dizkiegu gure festan parte hartu zuten guztiei, jai ederra giro sanoan bizitzeko egindako ahaleginarengatik.

Horrela, beraz, Laskorain ikastolak eskerrak eman nahi izan dizkie, azkenik, festan parte hartu zuten guztiei, bereziki jaia giro sanoan bizitzeko egindako ahaleginagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!