Ibai Iriarte: "Udaletxeak gune egokiak dira bizikidetzaren sustapenerako"

Jon Miranda Labaien 2013ko urriaren 10a

Gaur-biharretan ospatuko da Donostian Bakearen Aldeko Nazioarteko Alkateen konferentzia. Tolosakoak, Ibai Iriartek, bertan parte hartuko du. Donostiara abiatu aurretik egon da Tolosaldeko Atarian. "Herrietan denek ezagutzen dugu elkar eta gutxi-asko denek dakigu ondokoari zer pasa zaion urte guztiotan", dio Tolosako alkateak. "Horregatik dira udaletxeak esparru egokiak bizikidetzan urratsak emateko".

Tolosaldeko Atarira egindako bisita baliatu du Ibai Iriartek, euskarazko komunikazio proiektu berria zoriontzeko. Euskarari bultzada emateko balioko du Atariak, herrian martxan dituzten beste hainbat proiekturekin batera.

Kezkaz ikusten du Tolosako alkateak eskualdeko egoera ekonomikoa." Ez dago motore bezala funtzionatzen duen industriarik. Gainera, enpresen %94ak 10 langiletik behera du, tailerrak dira". Zailtasunak dituzte tailer horiek kanpora saltzeko eta erronka hor dago alkatearen iritziz. Enpresa hauek laguntzeko sortu da, adibidez, Lehiberri.

2014rako bilketa sistema berria izango du Tolosako herriak. Aurreko urteko uztailean jarri zituen oinarriak udalbatzak: "inork ez du kutsatzeko eskubidea, nahitaezkotasuna, 2014an %60-70ra eta 2016rako %80ra iristea". Idema enpresa ari da sistemen arteko konparaketa egiten eta aurki jasoko dituzte emaitzak.

Gai hauen eta beste hainbaten inguruan hitz egin du Ataria Irratian Ibai Iriartek.

 

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!