Abenduan hasiko dira Larramendi auzoko biribilguneko lanak

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urriaren 9a

Arriarango gasolindegi ondoan eraikiko dute biribilgunea.
Pleguak onartuta, enpresek hamahiru egun dituzte, orain, proposamenak aurkezteko

Tolosako Larramendi auzoan, Voith-Gorostidi eremuko urbanizazio lanak amaitzear dira, eta abenduan bertan hasiko dituzte, Arriarango gasolindegi alboko biribilgunea egiteko lanak.
Tolosako hirigintzako udal plangintzako puntuetako bat da biribilgunearena, eta pasa den uztailan hitzarmena sinatu zuten Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru aldundiak, finantziazio akordioa zehazteko. Joan den ostiralean, berriz, Tolosako udal gobernuak baldintza pleguak onartu zituen, eta orain, proiektua gauzatzeko interesa duten enpresek beren proposamenak aurkeztu beharko dituzte; 13 egun izango dituzte horretarako.
Biribilgunearen lanak bukatzen direnean, eremu horretako segurtasuna hobetuko da, besteak beste, udalaren esanetan: «N-1ean Donostiatik Tolosara datozen ibilgailuek abiadura nabarmen murriztuko dute, eta gurutzabideak saihestu egingo dira.
Trafiko kontuez gain, aurrera begirako beste hainbat proiektuei bidea erraztuko die biribilguneak, Larramendi eta Belate elkartuko lituzkeen Oria gaineko zubia kasu. Horrez gain, Autobia Irla izeneko industri eremua garatzen denerako ere sarbidea egokituko du biribilguneak, eta azkenik, Uzturre kalea bi noranzkotan jartzea ere ahalbidetuko du.
Lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiak, Isla Autobiako enpresak eta Larramendi-Voith eremuko urbanizazioak finantzatuko ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!