Jende olatua bildu du Erronkak, Oria ibaiaren ertzetan

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 7a, 13:20
Finalean justu-justu sartu ziren arren, Oiartzungo Haurtzaro ikastolako taldea nagusi izan zen uretan, eta alde handiarekin konkistatu zuten Ahora! bandera.

 Pozik egoteko moduan dira Erronka egitasmoko antolatzaileak, «arrakasta» hitzak bakarrik deskriba baitezake proba guztien inguruan atzo mugitu zen jende olatua. Goizean goizetik hasita, lehia sanoa, euskarazkoa, eta gaztez betea izan zen ibilbideko guneetan barrena, eta arratsaldeko finalak biribildu zuen eguna, Oria ibaiaren ertzetako jendetzak sorturiko giroarekin.
Oiartzungo Haurtzaro ikastolak eraman zuen etxera saririk potoloena, eta Erronka irabazi duen lehen taldea izango da, horrela, Intxixuk izenekoa. Leire Lekuona eta Ekain Kazabonen gidaritzapean, Larraitz Etxebeste, Irati Zabala, Ane Lizarraga, Udane Etxebeste, Aritz Valderrama, Oihan Manzisidor, Mikel Etxebeste eta Markel Galdosek erraz irabazi zieten uretako azken proba, finalera sailkaturiko gainerako taldeei.
Horrela, bigarren postuan Urretxu-Zumarragako Otamotzak taldea sailkatu zen, eta hirugarren, Uzturpe ikastolakoak sailkatu ziren. Ordiziarrak izan ziren laugarrenak.

Festa berritzearen erronka
Kirola eginez eta euskaraz ondo pasatzeaz gain, Laskorain ikastolak antolaturiko egitasmoak bazuen beste jomuga bat ere: festarako eredu berriak helaraztearena.
18 talderen arteko dinamika etengabea izan zen Tolosan, eta baita jarraitzaileen artekoa ere. Kilometroak festako ibilbidearen baitan, beste Kilometroak txiki bat sortu zuten. Jarrai dezala Erronkak, ‘txiki’ izaera horretatik, nerabeen festarako ereduak berritzen, eta balio dezala Orion, neska-mutilen ilusioa euskaraz pizteko bideak.

__________________________________________________________________________________

Intxixuk taldea • Erronkako irabazleak: «Oso larri ibili gara finalean sartzeko»

Historian lehenak izan dira, Kilometroak festako Erronkan, Ahora! bandera konkistatzen.Egun biribila izan zuten atzo Oiartzungo Haurtzaro ikastolako Intxixuk taldeko kideek..
Poza ezkutatu ezinik jaso zuten txapeldunen ikurra, eta datorren urtean Oriora ere, irabazteko asmoz joango direla diote oiartzuar gazteek.
Zorionak, hasteko.
Eskerrik asko!
Zer moduz pasa duzue eguna?
Oso ondo, oso-oso gustura ibili gara.
Goizean talde bakoitzak bi proba egin behar izan ditu. Zuei zein egokitu zaizkizue?
Bai. Lasto fardoena egin dugu, batetik, fardoen gainean kapitaina altxaz. Gero, eguerdian, lokotx biltze bertikalean aritu gara.
Biak irabazi al dituzue?
Ez, lehenengoa galdu egin dugu, baina lokotx biltzean irabazi egin dugu.
Finalera, beraz, ez zarete zuzenean sartu.
Ez, ez gara sailkatu, eta eguerdian, bazkaldu eta gero egin duten berreskuratze proba horretan petankaren proba egin behar izan dugu, finalean sartu ahal izateko. Tentsio pixka batekin aritu gara, besteek lau bola sartuta zituztelako. Guk ez genekien ondoegi nola jokatu behar genuen, eta artean bi bola bakarrik sartuta genituen. Oso larri ibili gara, beraz, finalerako. Azkenean sartu dira, ordea, eta finalera iritsi gara.
Finalean nahiko erraz gailendu zarete, ezta?
Bai, egia esan alde handiarekin ibili gara ia proba osoan, arraunlariak-eta baditugu taldean, eta nabaritu dugu hori.
2.000 euroko saria jaso duzue, ikasbidaia finantziatzeko. Pentsatu al duzue nora joango zareten?
Bai, noski. DBH 4. mailakoak Comarrugara (Herrialde Katalanak) joango gara, Bartzelona ondora. DBH3koak, berriz, Gorlizera joatea pentsatu dugu.
Esperientzia hain ona izan denez, eta garaipena eskuratu duzuenez, Orioko bigarren Erronkarako gogoz izango zarete ezta?
Bai, bai, noski, dudarik gabe! Irabazten saiatuko gara berriz.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!