Kilometroak 2013

Kilometroak 2013ko zinta Emeterio Zaldibiak moztu du

Asier Imaz 2013ko urr. 6a, 12:56

Emeterio Zaldibia Laskorain ikastolako zuzendari eta irakasle ohiak omenaldia jaso du, horrez gain, zabaltze ekitaldian zinta moztu du.

Urduritasuna izan da protagonista goizeko lehen orduetan Laskorain ikastolako egoitza berrian zeudenengan. Batetik, urte osoko prestakuntza eta gero, Kilometroei hasiera emateko unea bazetorren, eta bestetik, eguraldiaren mamua zegoen. Bada, urdinguneak agertzearekin, eta hasiera ekitaldia gerturatzearekin kezkak poztasun bihurtzen joan dira.
Izan ere, espero bezain eder joan da guztia martxan jarri duen emanaldia. Elene Arandiaren ahots indartsua Lask abesbatzako gaztetxoen goxotasunarekin nahastua, Itziar Doiharzabal, Garazi Egiguren, Ioritz Galarraga, Amaiur Luluaga, Lorena Ortiz de Zarate, Irati Sorondo eta Juan Urretabizkaia dantzarien sentimendua, Maider Yabarren dantza bertikal ikusgarria, Jon Arruabarrenaren saxo doinuak edota Amaia Agirre eta Karlos Linazasororen hitzak. Hori guztia, Xabi Lozanok diseinatu eta Juantxo Zeberiok zuzenduta.
Erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza tartean. Joxan Oiz Laskorain ikastolako lehendakariak ikastola «langilez» inguratuta dagoela, eta «elkarlana eta auzolana» dela bere motorra azpimarratu du. Harro sentitzen dela aipatu du, lana «erruz eta umorez» egin dutelako urte osoan, hitz emanda bezala, eta jaiaz gozatzera gonbidatu du Tolosara datorren den oro.
Ibai Iriarte Tolosako alkateak urte osoan Kilometroak antolatzen egon direnak zoriondu ditu. «Euskal Herria euskaraz eraikiko dugu edo ez dugu eraikiko», esan du, eta bide horretan, «euskaraz bizi nahi dugunon aldarria» egiteko eguna dela nabarmendu du. Halaber, euskarari eginiko «erasoak» gogoratu ditu, «LOMCE legea, Nafarroan euskarak duen egoera edota Iparraldean ikastolen aurkako erasoak kasu». Bestalde, Emeterio Zaldibia omenduaren inguruan, belaunaldi horri «asko diegula eskertzeko» esan du, «ikastolak sortzearekin lan handia egin dutelako euskararen alde».
Kristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburuak  Kilometroek euskararen erabilerari, ikastolei nahiz euskal hezkuntza sistemaren alde ematen dioten laguntza azpimarratu du. «Ikastolek asko eman diote gizarteari, eta ildo horretan jarraitzeko elkarlana ezinbestekoa da», esan du. LOMCE legea arbuiatu, eta euskararen alde lanean jarraitzeko beharra nabarmendu.
Arantza Manterola Kilometroak elkarteko lehendakariak, bere aldetik, Laskorain ikastolak «inbertsio handia» egin duela eraikin berriakrein gogoratu du, «erakundeetatik laguntza handirik jaso gabe». Eusko Jaurlaritzari zuzenduta, «hezkuntzan inbertitzen den euro bakoitza bikoiztuta» itzultzen dela etorkizunean adierazi du, inbertsioei aurre egin ahal izateko laguntza eta elkarlana eskatuz. Euskal hezkuntza ereduari «eraso» egiten dion LOMCE legea ere salatu du, Herrira-ren aurkako operazioa eta atxiloketekin batera.
Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak «aldarrikapena eta jaia uztartzen diren egun zoriontsua» dela gaurkoa azaldu du. «Euskaldunok gisa honetako jai asko ditugu, gure hizkuntzan bizi ahal izateko eskubidea bermatu gabe baitugu oraindik». Bestalde, Laskorain ikastolak «ekarpen itzela» egin diola, bai euskarari, bai, irakaskuntzari, bai eta modernitateari ere esan du. «Horregatik, benetan pozgarria da Kilometroetan ateratako etekinarekin ikastolaren eraikin berria finantzatzea, eta ondorioz, ikastola gero eta sendoago eta hedatuago ikustea». «Euskara bihotzetik eta sentimenduen mundutik egunerokotasunera eta ahotik» ateratzearen garrantzia azpimarratu du Garitanok.
Erakundeetako ordezkarien hitzaldien ostean iritsi da zinta mozketaren unea. Emeterio Zaldibia omendua gerturatu da, eta Jon Magic mago irurarraren magiarekin eman diote hasiera festari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!