Hamar urte dira Emeterio Zaldibiak (Tolosa, 1939) Laskorain Ikastolako lanak utzi zituela. Frankismoaren ondarretan hasi zen, eta ia 16 urtez ikastolaren zuzendari karismatikoa izan da. Berak ekarri zuen Tolosara Euskaraz Bizi proiektua, eta horregatik besteak beste, omenaldia egingo diote etzi. Atzera baino gehiago aurrera begiratzen du berak: “Ea zuen proiektua indartsu hasten den”.
Zer iruditu zaizu Kilometroetako omendua zu izatea? Nola jaso duzu berria? Zer sentitu duzu?
Nik uste nuen Euskaltzaindiako norbait edo ekarriko zutela eguerdiko omenaldi horretara eta bai zera...
Pentsatzen dut nik ez dudala horrelakorik merezi. Norbaitek merezi baldin badu eta hori bene-benetan esaten dut, Tolosako ikastolako irakasleek merezi dutela uste dut. Ia badira 26 urte lanean hasi ginela Euskaraz Bizirekin, eta hutsik egin gabe segi-tzen dute oraindik. Hori irakasleek lortu dute, kolektibo bezala.
Nik beste toki batzuetan egiten ari zirena ekarri nuen Tolosara. Orduan zuzendaritzan zeuden Joxe Martin Aizpururen eta Arantxa Lakuntzaren meritua izan zen proiektua onartzea, eta gero, irakasleek, fideltasun guztiarekin eraman dute aurrera. Kolektiboak funtzionatzen ez badu, emaitzak ez ziren izango sekula orain Tolosan ditugunak. Omenaldia haiek merezi dute, ez nik.
Zuk ekarri zenuen Euskaraz Bizi proiektua Tolosara. Kontaiguzu prozesua.
Tolosako ikastola sortu zenetik genbiltzan euskararen erabileran nahi genituen emaitzak ezin lortu. Bakoitzak egiten zuen ahal zuena eta saiatzen ginen ikasleek euskaraz hitz egin zezaten eragiten, baina ez zegoen modurik egoerari buelta emateko. Orduan, 1986ko urtearen inguruan, Lizarran (Nafarroa) egiten ari ziren esperien-tzia bat ezagutu nuen. Lizarra esperientzia deitzen zitzaion garai hartan, eta baziren bost bat urte mar-txan jarri zutela. Emaitzak ikusgarriak ziren. Kataluniatik eta guzti etortzen zi-tzaien jendea ikustera zer egiten ari ziren, eta Euskal Herritik zer esanik ez. Jose Luis Gorostidi, plangintza sortu zuena, aspertuta zegoen gero ezerezean gelditzen ziren hainbeste bisitarekin, baina gu han suertatu ginenean nahikoa ondo erori gintzaizkion eta hori izan zen Euskaraz Biziren abiapuntua.
Laster nabaritu zenituzten kanpainaren emaitzak?
Momentu klabea, 6 urtetik 11 urte arteko garai hori da. Gure indar guztiak adin tarte horretan jarri genituen. Baina hortik gorako adin tartea –orduan OHOko bigarren etapa, 11-14 urte–, hura ere ez zen broma; jende guztiak hitz egiten zuen nahi zuen bezala, eta zerbait egin behar zen. Eta zer egin? Ba babes moduko bat jartzen saiatu haien atzetik zetozen ikasle gazteagoei, hauengan zaharragoen hizkuntza ohituren eragina hainbestekoa izan ez zedin. Helburuak berehala lortzeko baino gehiago, babes hori eraikitzeko hasi ginen lanean haur helduagoekin. Eta hala ere, emaitzak momentuan ematen ziren, baina klaro, egonkortu gabe. Beraz, ez genuen hainbeste fede adin tarte hauetako ikasleekin. Hala, 6-11 urte arteko ikasleengan jarri genuen indarra, aldaketa, kolektiboa behinik behin, adin tarte horretan ematen baita.
Eskolaurrean errazagoa zen; Argitxo iratxoa genuen, harekin identifika-tzen genuen euskara eta hura egonkorra zen; hura beti dago, haren presen-tzia beti dago haur txikientzako. Haur hezkuntzan aurrerapenak ematen dira, baina gero handitzen joatean direnean sendotu egin behar dira emaitza horiek, bat bateko joerak euskaldunak izan daitezen. Eta hori lortzen saiatu ginen.
Epe luzera begiratzen genuen orduan, hamar bat urteko epea jarri genion proiektuari, baina aurreneko urteetan jada emai-tza oso onak lortu genituen. Horrek bultzatuta denok animatu ginen eta oraindik ere hortxe segi-tzen du.
Euskararen erabileran eragiteko beharra dagoen seinale?
Ba ikusten denez bai. Baina nik uste dut eguneroko dinamikak berak, eguneroko bizitzak, euskararen aldeko apustua egiten duela, eta euskaraz hitz egitera bultzatzen dituela ikasleak. Martxan jarri genuenean txokeko plangintza moduan jarri genuen; orain berriz pentsa-tzen dut ohiturak-eta euskararen aldekoak direla. Horrela esplikatzen dira hain emaitza onak; %90 baino gehiagok hitz egiten dute. Eta ez soilik Lehen Hezkuntzako ikasleek, batxilergokoek eta DBHkoek ere bai.
Tolosa euskalduntzen ikusi al duzu urte hauetan guztietan?
1972an, Ikastolan lanean hasi ginenean, kalera ateratzen zinen eta oso arraroa zen norbait euskaraz entzutea.
Nire txikitako oroitzapenak ere antzekoak dira. Gu Amaroztik katekesira Tolosara bidaltzen gintuztenean, hura beldurgarria zen; denek gaztelaniaz hitz egiten zuten. Gu zutabeen atzean-eta gordetzen ginen, lotsatuta. Gure adineko mutil koskorrak denak erdaraz aritzen ziren irudipena genuen.
Eta Amarozen euskaraz hitz egiten zenuten? Kontaiguzu zure haurtzaroan nolako auzoa zen.
Orduko Amaroz ez zen gaurko Amaroz; hiru etxe ziren etxebizitzekin, horietako bi fabrikak eginikoak, eta gainerako guztiak baserriak ziren. Eta han euskaraz hitz egiten zen.
Baina Tolosan, bai orduan bai geroago ikastolan lanean hasi nintzenean, gu-txiengoa zen euskaraz aritzen zena. Oso konprometitua, hori bai. Noizbait ikusi izan dut %16 soilik hitz egiten zuela euskaraz Tolosan.
Egoera horri buelta eman asmoz hasi zinen lanean Ikastolan?
Guk Sakramentinoetan beti bizi izan genuen euskararekiko erabateko konpromisoa [sakramentinoa izan baitzen Zaldibia, apaiz ikasketak Tolosako seminarioan eta filosofia eta teologia Bizkaian egin ondotik]. Nik orduko hartan seminarioan egiten nuen lan, Tolosan. Madrildik etorri [Complutensean ikasi zituen Filosofia eta Letrak eta espezialdu zen pedagogian] eta ondoko bi urtetan aritu nintzen bertan lanean. Baina, urte haietan seminarioak goitik behera egiten hasi ziren eta itxi egin zuten Sakramentinotakoa. Ikastolako jendeak bazekien nik ikasketak eta titulazioa banituela eta bila etorri zi-tzaizkidan. Gustuko eskaintza izan zen eta onartu egin nuen.
Zertan hasi zinen lanean hasieran?
5. mailako haurren irakasle gisa hasi nintzen. eta berehala zuzendaritzan ere bai. Begoña Arrate zegoen zuzendari, eta familia ere bazuen eta... horixe tokatu zitzaidan.
Lan asko egin behar zen, baliabideak oso gutxi ziren, idazkaririk ez zegoen... eskolak emate ari ginela jendea etortzen baldin bazen han edukitzen genuen pasilloetan bueltaka.
Ahal genuen guztia egiten genuen; haurrei txistua jo-tzen irakatsi, beste eskolek zer egiten zuten ikusi,,... Ikastolako jarduna bukatzen zenean gau eskolak ere ematen genituen euskara irakasteko.
Harremanik bazenuten Euskal Herriko beste ikastolekin?
Harremana bai, baina ez programazio kontuei buruz-eta hitz egiteko. Nik uste dut ez ginela iristen. Geroxeago hasi ziren Xabier Garagorri eta beste batzuk testugintzan eta abar. Ezer ere ez baitzegoen, ezer ez! Printzipio pedagogikoak-eta bere neurrian egiten genituen, ahal zen bezala.
Aurreneko talde haiek oso onak tokatu zitzaizkigula dut gogoan, suerte handia izan genuela. Helburuak ondo lortzen zituztela orduko ikasle haiek bai batxillergoan bai unibertsitatean.
Noiz hasi zen Laskorain Ikastola sendotzen? Orain den ikastolaren tamaina hartzen?
Nik uste dut berehala hasi zela handitzen. Ikasturte batetik bestera ikasle kopuru handiak etortzen ziren ni sartu aurretiko urteetatik hasita. Eta geroztik ia beti izan da horrela, beti hazten. Bost taldetako kurtsoak izan genituen ni sartu eta bereharala.
Horrek erakusten du Tolosako herrian nabari zela euskararen falta, ze bestela guk eskaintzen genuena ezin zuen izan beste munduko ezer. Ikusten denez, jendeak nahi zuen euskaraz bizi, eta umeak bidal-tzen zizkiguten. Eta lorpen akademikoak suposatzen dut ez zirela hain txarrak izango.
Baina beti falta izaten zi-tzaiguna tokia izaten zen: seminario itxi eta handik Sakramentinoetara, gero Inmaculada mojetara, Sanmaniegora... Eskerrak txabolak egin genituen! Bere apaltasun eta muga guztietan, irtenbidea eman zien espazio faltak sortu zituen arazoei. Arnasa eman ziguten.
Igandeakoarekin hiru aldiz ospatuko dira Tolosan Kilometroak. Zen oroitzapen gordetzen dituzu aurreko edzioez?
1980. urtean egin zen lehendabizikoa. Ez pentsa orain irakasleek bizitzen ari diren bezala bizi genuenik orduan guk Kilometroak. Profesionalizatuagoa ez dute esango, baina... Joxe Migel Zeberiok lana utzi eta berak hartu zuen antolatzeko ardura. Lan ikaragarria egin zuen, baita bolondresek ere. Baina irakasleok ez ginen orain bezala sartu; guk ez genuen hainbeste lan egin.
Oso egun ona egin zuen 80ko Kilometroetan, euskaltzale asko etorri ziren, aldizkarietatik-eta ezagu-tzen genituenak, eta horrek poza ematen zigun.
Ia 16 urte egin dituzu Laskoraingo zuzendari; zein dituzu oroitzapen garra-tzenak? Zein goxoenak?
Normalean inork ez du nahi izaten horrelako gauzetan egotea, baina tokatzen zaizuen ba tokatu zaizu!
Alderdi txarrenari begiratuta, ba hain txarrik ere ez dut gogoan, baina Euskal Herrian saltsa behin ere ez zaigu falta izan. Ikuspegi desberdinak, gazteek gauzak beste modu batetra ikustea,... hori dena izan da, baina ez dut uste gatazkatxo horiek behin ere izan direnik tristura emateko modukoak.
Oroitzapen goxoenak Euskaraz Bizirekin bizitakoak dira. Frustrazio askoren ondoren, errekuperazio bat izan zen. Emaitzak lor-tzen ari ginen sentsazioa izatea, funtzionatuko zuela. Irakasleak oso finak izan ziren, oso fidelak. Ardura zutenek ez zuten huts egiten sekula.
Nik asko sufritzen nuen ikasleak patioan, gela barruan,... erdaraz entzuten nituenean. Euskarak erabiltzeko balio ez bazuen, ez nion zentzurik hartzen. Eta Euskaraz Bizirekin, errietak eta aurpegi txarrak bukatu ziren, eta zoriontsu joaten nintzen.
Automatismoak euskarazkoak izan daitezela lortzeko, ordea, urteak behar dira eta lan konstantea egin behar da. Eta Tolosako irakasleak konstanteak izan dira.
Morala baxu samar dudanean paseatzera joatean naiz ikastolaren irteerara, eta handik puztuta bueltatzen naiz, haurrak euskaraz entzuten ditudanean.
Baina hala ere, oraindik Kilometroen beharrean...
Nik uste dut ikastolen proiektuak segi egin behar duela eta segitzeko, badirudi, gutxienik Tolosan, behar direla Kilometroak dauzkaten zorrei buelta emateko. Kilometroen zentzua berritzea oso ondo dago, eta Kilometroak zer dira? Ba euskararen egunak, dirua ateratzeko ere badira, baina Kilometroei zentzua eman behar zaie. Momentuz nik ez dut ikusten beste erremediorik, segitu egin beharko dute Kilometroak antolatzen. Noiz arte? Ba ea noizbait burujabetza lortzen dugun eta orduan beste modu batera diren gauzak.