Ibilbidea
1967. urtean Tolosako herritar talde batek Laskorain Ikastola sortu zuen, Lizardi Euskal Kultur Elkartearekin batera. 1967-68. ikasturtean haur hezkuntzako eskola modura irekitzeko baimena eskuratuta, 80 ikasle eta 3 andereño lanean hasi ziren. 1971-72an, gaurko kokalekuetako bat hartu zuen ikastolak, Sakramentinoen egoitza alokairuan hartu zuen.
Ikastolak ikasle kopurua handitu zuen eskualdeko herrietara irekitzeko erabakia hartu zuenean. Eskolaz kanpoko giro erdalduna ekidin nahiarekin, udako udalekuak eta aisialdian euskara sustatzeko proiektua martxan jarri zuen 1975ean.
1976.a hazkunde urtea izan zen Laskorainentzat, 1.200 ikaslez osatutako komunitatea biribildu zuen eta kokalekua Usabalgo zelaietara hedatu behar izan zuen. 1980. urtea mugarria izan zen, KMK festa antolatzearen ardura hartu bai-tzuen bere gain. Eskuratutako dirua Usabalgo eraikuntzarako erabili zen orduan. Hurrengo urtetan Itxaropena aisialdi taldea, Euskaraz Bizi proiektua, Laskorain Kirol Elkartea eta Kazkabarra aisialdi taldea sortu ziren.
KMK bigarrengoz antolatzea egokitu zitzaion Laskoraini 1998. urtean, Ibarra, Anoeta eta Irurako ikastolen partaidetzarekin. 2000-2005 urte bitartean etengabeko berrikuntza pedagogikoaren proiektu adierazleak martxan jarri ziren: Eleanitz Bigarren Hezkuntzan, Hizkuntza Proiektua, Eskola Agenda 21, IKT garapena eta Adimen Emozionala.
Azken 8 urtetan beste hainbat berrikuntza jasan ditu Tolosako ikastolak: 0-2 urte bitarteko etapa mar-txan jartzea, EFQM Bikaintasun Kudeaketa sistema eta Sakramentinoetako eraikuntza berria eraikitzea.
Juani Aristi: «Gure ametsa ikasleek euskaraz ikastea zen»
Juani Aristi 1974. urteaz geroztik Laskorain Ikastolarekin lotura du: jangelako laguntzaile lanetan hasieran, Usabalgo eraikinetako eskolazaina ondoren, sukaldaria jarraian eta baita udalekuetako partaide ere. Egun erretiratua dagoen arren, Laskorain Ikastola oraindik bere ikastolatzat du. Amets gisara ere definitu du: «Gure ametsa ikasleek euskaraz ikastea zen» eta amets hori errealitate bihurtzeko ezinbestekoa «gure artean, oso pen-tsaera ezberdinekoak izanda ere, errespetatzea izan da». 1974. urtean Laskorain Ikastolan bazkaltzen zuten haurrak zaindu eta jaten ematen zien Juani Aristik. Ondoren bestelako proposamena heldu zitzaion, 1979. urtean: Laskorain Ikastolak Usabalen eraiki zuen pabilioi-eskolako eskolazain lanetan aritzea. Juani Aristik baiezkoa luzatu eta familiarekin batera Usabalgo txaletera bizitzera joan zen 10 urtez: «Senarra eta hiru umeekin bizi nintzen ikastolako etxean. Oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Lana oso morroia zen, erabat han egon behar izaten nuen baina oso gustura aritu nintzen». Uztailean, hala ere, Usabalgo bizitokia utzi eta Aurizberrira (Nafarroa) alde egiten zuen, Laskorainek antolatzen zituen udalekuetan laguntzaile gisara: «Gure helburua guraso erdaldunen seme-alabek udaran euskara ez gal-tzea izaten zen».1990. urtean ikastolako etxea utzi eta bere betiko Ibarrako etxera bizitzera bueltatu zen Juani Aristi. Orduan bestelako lanari ekin zion Laskorainen; sukaldari-lana, duela 6 urte arte, erretiroa hartu artean, burututakoa. 1980ko KMK festa barrutik bizi izan zuen Juani Aristik eta ilusioz gogoratzen du: «Gauza handia izan zen, izugarrizko lana egin behar izan genuen. Eguerdirako elikagairik gabe geratu eta bila joan behar izan ginen. Jende asko espero genuen baina esperotakoaren bikoitza azaldu zen». Igandeko KMK13 festari ordea beste ikuspuntu batetik begiratu behar dio: «Familiako osasun arazoak medio ezin izan dut nahi beste parte hartu, baina Sakramentinoak erosi zituztela jakin nuenean poz handia hartu nuen».
Nekane Karrera: «Ez dut ahaztu nahi ikastolako parte naizenik»
Nekane Karrera Laskoraineko irakaslea izan da hastapenetik, hasieran gainera erdi klandestinitatean. 17 urte zituela, idazkaritza ikasketak burutzen zebilela, bere euskara jatorra aitzaki hartuta, Laskorainen lanean hasteko gonbitea jaso zuen 1966. urtean. Orduan larunbatetan gerturatzen hasi zen ikastolara orduko andereñoen lana gertutik ezagutzera, Eta 1967. urtean irakasle lanetan hasi zen.
Hasierako urte haietan, oraindik irakasle titulurik ez zuenez, beste tituludun andre baten izenarekin aritu behar izaten zen: «ikuskatzailea etortzen baldin bazen, emakume honen izena eman behar nuen». Inspekzioak behin baino gehiagotan pasa behar izaten zituzten orduan: «Ikasleak prestatu behar izaten genituen, gaztelera lantzen genuela adieraz zezaten. Beste batzuetan, gela ilun batean gordeta egon behar izaten nintzen ikasleekin ikuskaria pasa arte».
Nekane Karrera eskolaurrean klaseak ematen hasi bazen ere, ondoren 1. Ziklora pasa, handik 5. eta 6. mailara eta azken urteak 2. Hezkuntzan eman ditu. Guztira 40 urte luze egin ditu Laskorain Ikastolako ikasgeletan, «oso gustura, ekipo handi bat sortuz, nire bigarren familia izan da». Guraso zein irakasle gisara, ikastolaren jardunean erabat parte hartzea egokitu zaio hasieratik eta antzerkia, dantza eta kantuarekin harremana zuten ekintzak pozez jorratu ditu. Oraindik ere, erretiratuta badago ere, ikastolarekin harremanetan jarraitzen du: «Ez zait iruditzen ikastolan ez nagoenik, astean behin edo bitan nire lankideekin biltzera joaten naiz. Askotan etxean ez didate ulertzen baina ikastola hain barruan dudanez beharra daukat».
Momentuz buru-belarri lanean jarraitzen du, KMK13ren aitzakian. Nekane Karrera protokolo lanez arduratzen da, 1998ko KMK antolakun-tzan bezala, baina igandean era guztietako lanak burutu beharko ditu; protokolo lanak goizean eta salmenta arratsaldean. KMK13rekin ilusioz gainezka dago, herria erabat inplikatuta ikusi duelako eta horregatik ezinbestean Laskoraineko gurasoei, ikasleei, irakasleei eta ikasle ohiei eskerrak eman beharra sentitzen du.