Kilometroak 2013

Trafiko aldaketak izango dira igandean, Kilometroak dela eta

Ataria 2013ko urr. 5a, 21:19

Igande honetan, urriak 6, Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaia Tolosan ospatuko dute, eta ibilbidearen eta azpiegitura osoaren antolakuntza medio, trafiko aldaketan izango dira Tolosan, udalak eta antolatzaileek hala adostuta. Dena den, autorik ez hartzea gomendatu diete tolosarrei, garraio publikoa erabiltzeko deia eginez.

Ibilbidea herriguneko zenbait kaletatik pasako denez, 08:00etatik 20:30era bitarte ezingo da inondik inora zirkuitua ibilgailuz zeharkatu; larrialdiren bat baldin balego bakarrik utziko litzaieke ibilgailuei herritik irteten, zirkuitutik. Horrela, jaia amaitu eta gero zabalduko dute berriro errepidea, trafikoarentzat.

Honekin batera, aipatzekoa da Tolosako bizilagunek hirigunetik ateratzeko nahiz sartzeko, ezinbestean iparraldeko sarbidea erabili beharko dutela, Arriarango gasolindegikoa, alegia. Asuncion klinikara joateko, berriz, bi sarrerak zabalik egongo dira, baina, kanpotik etorriz gero, Santa Lutziako sarrera erabili beharko da. Azkenik, anbulatoriora joan-etorriak egiteko Zubi Berria izango da erabili beharrekoa, ibilbidea horraino iristen baita.

Larunbatean aparkaleku batzuk itxita

Zirkuituaren bidea dela eta, gune eta azpiegitura guztiak libre izateko, larunbatean 14:00etatik aurrera ezin izango dira Tolosako aparkaleku hauek erabili:

-       San Esteban

-       Araba etorbidea

-       Iurreamendi-Laskorain ikastola

-       Iurreamendi egoitza

-       Martin Jose Iraola kalea (Berazubi)

-       Kondeaneko aldapa

-       Bizkaia kalea (Izaskun auzoa)

-       Igaralde (Izaskun auzoa)

-       San Blaseko aldapa-hilerria

-       Lizardi plaza (patinen pista)

-       Zumalakarregi-Zezen Plaza

-       Geltoki kalea

-       Batxiller Zaldibia (Geltokiaren ondoan)

Argibide hauek eman dituzten arren, Tolosako Udalak eta antolatzaileek igandean autorik ez hartzea gomendatu diete herritarrei, eta garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute, autobusa nahiz trena hartzeko nabarmenduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!