Tolosako Udaleko hondakin bilketan %30eko hobaria jasoko dute aurrerantzean, konposta nahiz auzokonposta egiten duten herritarrek. Erabaki honen bitartez, udalak «konposta egitearen aldeko apustua berresten» duela nabarmendu du.
Hondakinen bilketako tasan diru laguntza hau jasotzeko, zenbait baldintza bete beharko dira, eta lehena 2013ko urtarrilaz geroztik hondakin organikoa konpostatzen aritzea da. Horretarako, konpostatze nahiz auzo konpostatze zerrendetan izena emanda egotea beharrezkoa da, eta baita ikastaroa egina izatea ere.
Honekin batera, diru laguntzaren erabakia hartzeko, konposta behar bezala egiten dela kontrolatuko du udalak.
Materia organikoa hondakinen ohiko saretik ateratzearen garrantzia azpimarratu du Tolosako Udalak, eta konposta egitearekin, sukaldeko ohiko hondakinak ongarri bilakatzen direla gogora ekarri dute: «Hondakinen zatirik handiena, %40a, materia organikoa da, eta zati hau beste hondakinetatik banatzen badugu, oso tratamendu arruntarekin, konposta egin ahal izango dugu, lurrari lurretik atera dena itzuliz».