Jesus Torquemadak gidatuko du, aurten ere, mintegia.[/caption]
Tolosaldea lanbide heziketa institutuko Ikastn zerbitzuaren eskutik, bosgarren aldiz hartuko ditu Topic zentroko aretoak, nazioarteko gaurkotasunaren inguruko jardunaldiak, eta izen ematea zabaldu dute jada. Jesus Torquemada kazetariarena izango da, berriz ere, munduko egoera soziopolitikoaz aritzeko ardura.
Guztira, bi orduko sei saiok osatuko dute mintegia, eta astelehenetan egin dute hitzordua, Topic zentroan; urriaren 21 eta 28an, azaroaren 4, 11 eta 18an, eta abenduaren 9an izango dira saioak, 19:00etatik 21:00etara bitarte.
Munduko gaurkotasuna Jesus Torquemadaren ahotik ezagutu nahi duenak, izena emateko aukera du jada, eta urriaren 9ra bitarte egin ahal izango du; 615 77 56 78 telefonora deitu behar da horretarako. Aipatzekoa da, mintegiak 36 euroko prezioa izango duela.
Politika eta ekonomia
Behin-behineko egitaraua prestatu dute jada, antolatzaileek, Torquemadarekin batera.
Horrela, lehen bi saioetan Siria izango dute hizpide, eta bertako gerrak eta arma kimikoen inguruko auziak jorratuko dituzte. Hurrengo saioan, berriz, Alemanian egin berri dituzten hauteskundeak mintzagai izango dituzte, eta emaitzek Europa osora begira izan dezaketen eragina ere aztertuko du Jesus Torquemadak.
Laugarren saiorako, Udaberri arabiarra delakoa pasa eta gero, Arabiako herrialdeetan geratu den egoeraz aritzea aurreikusi dute, eta mundu mailako ekonomiaren krisia landuko dute bosgarren jardunaldian.
Azkenik, seigarren eta azken saioan unean uneko gairen bat aukeratuko du kazetariak, eta horrekin biribilduko dute nazioarteko gaurkotasunari buruzko hitzaldia.
Gaien banaketa zehatz hau, dena den, alda daitekeela azpimarratu dute antolatzaileek, eta nazioartean gertaera esanguratsuren bat suertatuko balitz, egitarauan txertatuko lukete.
‘Nazioarteko gaurkotasuna’ mintegia
Datuak
Saio kopurua. 6 saio, bakoitza 2 ordukoa.
Datak. Urriak 21 eta 28; azaroak 4, 11 eta 18, eta abenduak 9.
Ordutegia. 19:00-21:00.
Lekua. Topic zentroko aretoa (Euskal Herria plaza, Tolosa).
Prezioa. 36 euro.
Izen ematea.
-Urriaren 9ra bitarte.
-615 77 56 78 telefonora deitu behar da, 09:00etatik 14:00etara bitarte.
Egitaraua
Siria. Gerra eta arma kimikoen auzia.
Alemania. Hauteskundeen emaitzak eta hauek Europan izan dezaketen eragina.
Herrialde arabiarrak. Udaberri arabiarraren ondorengo egoera.
Krisi ekonomikoa. Mundu mailako krisia amaituko ote den edo ez.
Uneko gaia. Azken asteetako gertakarien araberako gaia jorratuko du saio honetan.