Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak, azken hiru urteotako aldarriei eutsi eta ikasturte berrirako egitasmoak prestatu ditu. Horien guztien berri herritarrei eman, eta Tolosalderako osasun zerbitzu publikoa eskatzeko, elkarretaratzea izango da, larunbatean, 12:00etan, Trianguloa plazan; jarraian, informazio batzarra eskainiko dute espezialitateetako anbulatorioan.
Koordinakundeak, betiko bideari eutsi, eta «Eusko Jaurlaritzari osasungintzaren pribatizazioa geldiaraztea» eskatu nahi dio.
Horretarako, kapital pribatuak osasun publikoan sartzea ahalbidetzen duen 15/97 legearen aurka jartzea eskatuko dute, eta osakidetza blindatzea, zerbitzu publikoa bermatzeko.
Urte osorako egitasmoa aurkezteko, beraz, herritarrei dei egin nahi diete Trianguloko elkarretaratzera, eta baita bilerara ere: «Informazioa eskaini nahi dugu, eta baita gure erabaki irmoen testigantza eman ere», diote.