Tolosako koarteleko buru ohia atxilotzeko agindua

Ataria 2013ko irailaren 20a

Frankismo garaiko lau polizia buru atxilotzeko nazioarteko agindua eman du Maria Servini de Cubria Argentinako epaileak. Tartean aurkitzen da Jesus Muñecas Aguilar, Tolosako Guardia Zibilaren koarteleko buru izandakoa. Celso Galvan Abascal, Jose Ignacio Giralte eta Jose Antonio Gonzalez Pacheco dira beste hirurak.

Jesus Muñecas Aguilarrek (Zaragoza, Espainia, 1939) 74 urte ditu, eta Espainiako hainbat militar eta guardia zibilek 1981ean Kongresuan egin zuten estatu kolpe saioan parte hartu zuen, Antonio Tejerorekin batera. 1961ean sartu zen Guardia Zibilean, eta, besteak beste, Andoni Arrizabalaga eta Anparo Arangoa torturatu zutenetako bat izan zen. Telesforo Monzon Arrizabalagaren tortura testigantzan oinarritu zen Itziarren semea abestia idatzi zuenean. Arangoak jasan zituen torturen argazkiak munduari buelta eman zioten, eta Muñecas Donostiara bidali zuten. Hala ere, atxilotuak torturatzen jarraitu zuen. Handik eraman zuten gero Tejerorekin Madrilera. Estatu kolpe saioan parte hartzeagatik bost urteko espetxe zigorra jarri zioten, baina 1984an atera zen kartzela militarretik. Ondoren, hipika bat ireki zuen Valdemoron (Madril). 1994an han Tejerori omenaldia egin zioten. Gaur egun erretiroa hartuta dago eta gehieneko pentsioa jasotzen du.

Agindu horrekin, lau polizia horiek inputatuta daude, frankismoko krimenak egotzita. Eskariak Interpoli eta Espainiako Gobernuari bidaliko dizkio Servini epaileak, eta behin agindua jasota, inputatuek Argentinara joan beharko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!