Tolosako Udala irisgarritasun planarekin aurrera

Ataria 2013ko irailaren 18a

Tolosaldean eta Tolosan Mugikortasun Astea ospatzen ari dira, eta herenegun, Tolosan, Irisgarritasun Planaren barruko obrak ikusi zituzten. Horrekin batera, udaletik azaldu dutenez, datorren urtean Irisgarritasun Planarekin jarraitzeko konpromisoa hartu du udalak.

Eskualdeko egitarauari dagokionez, gaur, 19:00etan, Sobre ruedas dokumentala ikusteko aukera egongo da Tolosako Errotan. Ondoren, Alfonso Sanz mugikortasun adituarekin mahai ingurua antolatu dute.

Poxpolo ta Konpainia

Mugikortasunaren Astearekin bat eginez, egitasmo berezia prestatu dute Poxpolo ta Konpainiak eta Tolosaldea Garatzenek hilaren 21ean, 17:00etan, Usabalen. Bideo grabaketa egingo dute, eta abesti berri bat ere egin dute, Aire garbia izenekoa. Bide batez, «leku guztietara kotxez joan beharrik ez dagoela» aldarrikatu nahi dute.

Bideokliparen grabaketa egiteko laguntza behar dutela azaldu dute Poxpolo ta Konpainiakoek. Bertan parte hartzeko, Tolosako Usabal kiroldegitik Alde Zaharrera egingo dute paseotxoa. Bizikletan, patinetean, patinetan… joateko deialdia egin dute. Aire garbia abestia tolosaldea.hitza.info -n entzun daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!