Mikel Arreseigor, Igor Ezenarro eta Miren Urkola, ikastaroen aurkezpenean.
Ikasturte berriarekin batera, Tolosako kultur etxeko tailer eta ikastaroen eskaintza ere berrituta iritsi da aurten, bereziki, emakume eta gazteentzako. Hamazazpi ikastaro eta tailer izango dira guztira, Tolosako Udaleko kultura, berdintasun eta gazteria sailek antolatuta, eta Antonio Maria Labaien kultur etxeko pintura tailerrean egindako aurkezpenean, Igor Ezenarro, Miren Urkola eta Mikel Arreseigor zinegotziak izan dira; guztiek eskaintzaren aniztasuna nabarmendu dute.
Hamazazpi ikastaro horien artean, batzuk urterokoak izango dira, ikasturtez ikasturte harrera ona izaten dutenak. Beste batzuk, aldiz, lehen aldiz eskainiko dituzte aurten: «Berrikuntzak badira aurten, gazteen ikastaroetan eta emakumeei begira antolaturikoetan ere; era berean, aurretik eskainitako saioren bateko edukia sakontzeko aukera ere izango da, parte hartzaileek hala eskatuta», azaldu du Miren Urkola parekidetasun zinegotziak.
Horrela, aurreko ikasturteetatik errepikatuko diren ikastaroak kulturari dagozkionak izango dira, eta tolosarrek nahiz eskualdeko herritarrek antzerkian, argazkigintzan, balletean, dantza garaikidean, ehoziri lanetan nahiz patchwork-ean, pinturan, eskulanetan eta zeramikan trebatzeko aukera izango dute. Igor Ezenarro kultura zinegotziak nabarmendu duenez, «ikastaro hauek oso errotuta daude jada Tolosan, harrera ona baitute; urtero 300 lagun inguruk ematen dute izena, eta zenbaitetan itxaron zerrenda ere izaten da».
Aipaturiko tailer hauen izen-emateari dagokionez, iazko ikasleentzako zabalik da jada, hilaren 20ra bitarte; ikasle berriek, berriz, irailaren 23tik 27 bitarte izango dute aukera, kultur etxean.
Emakumeak, burujabeago
Jabekuntza eskolako egitarau barruan eskainiko dituzte emakumeei begirako tailerrak, eta Miren Urkolak eskola honen nondik norakoak nabarmendu ditu: «Emakumeen esperientziak, jakintzak eta narrazioak partekatzeko; gorputzarekin gozatzen ikasteko; diskurtsoak eman, artea egin eta aldarrikapenak garatzeko, nahiz beste hainbat gauzetarako gunea da».
Helburu hauetara iristeko, emakumeen burujabetzara bidean, zenbait tailer errepikatuko dituzte, saio berriekin batera.
Lehen saioa urriaren 2an izango da, Komunikazio estrategien tailerra hasiko baita: Faktoria Lilako arduraduna den Irantzu Varela kazetariak zuzendutako tailerra da, eta Pikaramagazine.comeko zuzendari June Fernandezek dinamizatuko ditu saioak. Urriaren 8, 10, 15, 17, 22 eta 24an izango da ikastaroa, eta hiru bloke eskainiko dituzte; aukera izango da blokeetako batean edo bitan bakarrik izena emateko.
Halaber, emakumeentzako autodefentsa ikastaroa ere urrian izango da, hilaren 25 eta 26an, eta Maitena Murroy-k gidatuko ditu saioak.
Azaroan, berriz, bi tailerretan parte hartzeko aukera izango da: batetik, Aurore Iturriozek Autodefentsa feminista burokrazia ekonomikoaren kontra izeneko saioa eskainiko du, eta bestetik, Zaida Fernandezek Zuri zer kontatu dizute feminismoaz? izeneko hitzaldia eskainiko du.
Azkenik, emakume etorkinentzat bereziki prestaturiko bi tailer ere izango dira aurten. Urriaren 2an, Emakume migratzaileak eta komunikabideak: zurrumurruak, aurreiritziak eta estereotipoak saioa izango da, 17:00etatik aurrera. Azaroan, berriz, hilaren 23an, Nik ere baditut ikasketak, nola homologatu? 16:00etatik aurrera eskainiko du Katja Reinberg-ek.
Izen-emateak saio bakoitza baino bi egun lehenago irekiko dituzte, eta jabekuntza eskolako tailer guztiak doakoak izango direla nabarmendu du Miren Urkolak.
Kontsumo arduratsua hizpide
Gazteria sailak antolaturiko ikastaroetako berrikuntza nabarmenena adinarena izango da aurten: «Gazteriako ikastaroak 30 urte artekoentzat izaten ziren orain artean, baina adina 35 urtera igotzea erabaki dugu ikasturte honetan», azaldu du Mikel Arreseigor zinegotziak.
Horrela, sail honi dagozkion hiru tailer antolatu dituzte; hauetariko bi iaz ere egin zituzten, eta hauez gain, ikastaro berri bat prestatu dute.
Urriaren 8an hasiko da tailerrik berriena, eta hiru hilabetez, kontsumo arduratsua izango da saioen muina. Landaketa eta baserri giroa izenburupean, asteartetan teoria saioak egingo dituzte, 18:30etik 20:30era bitarte, eta larunbat goizetan, berriz, irteerak egingo dituzte, saio teorikoetan landutakoa praktikan jartzeko. «Kontsumo arduratsua, landa ingurunea nahiz lehen sektoreko egoera ezagutu nahi duten gazteei begira antolaturiko ikastaroa da, eta kontsumitzaile zentzudun eta arduratsu izateko tresnak eskaini nahi dizkiegu», azaldu du Arreseigorrek.
Beste bi ikastaroei dagokienez, DJ eta scratch ikastaroa urriaren 9an hasiko da, Esne Beltzako DJ Zigorren eskutik, eta serigrafia saioak BOX.Ako kideek gidatuko dituzte, urriaren 19tik aurrera.
Gazteria sailari dagozkion tailer guztien prezioa 20 eurokoa izango da, eta interesa dutenek kultur etxean nahiz gazteria@tolosakoudala.neten eman dezakete izena.
Aipaturiko ikastaro guztien inguruko informazio zehatzagoa eskuratzeko, www.tlsbat.net web ataria bisita daiteke, eta baita kultur etxera joan ere.
Ikastaroak
Kultura
Antzerkia
Argazkigintza
Balleta
Dantza garaikidea
Ehoziri lana eta patchworka
Pintura eta marrazketa
Eskulanak
Zeramika
Berdintasuna
Komunikazio estrategien tailerra
Emakumeentzako autodefentsa ikastaroa
Autodefentsa feminista burokrazioa ekonomikoaren kontra
Zuri zer kontatu dizute feminismoaren gainean?
Emakume migratzaileak eta komunikabideak: zurrumurruak, aurreiritziak eta estereotipoak
Nik ere baditut ikasketak, nola homologatu?
Gazteria
Landaketa eta baserri giroa
DJ eta Scratch
Serigrafia