Tolosako Udalak DBHko gurasoei zuzendu nahi dizkie hitzaldiak, KMK 13 eta Agipad-ekin batera
Tolosako Udalak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gurasoei hiru saioren berri eman nahi die, nerabeen droga eta alkohol kontsumoa jorratzeko. Kilometroak 2013 jaia aurten Tolosan izango dela abiapuntutzat hartuz, udalak sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du Laskorain ikastolako antolatzaileekin batera, eta zenbait gazteren ohitura kezkagarriak hizpide izan nahi ditu gurasoekin.
Horrela, hiru ikastetxeetako gurasoei begirako jardunaldiak izango dira, Agipad elkarteko profesionalen gidaritzapean, kultur etxean. Irailaren 11, 18 eta 25ean izango dira saioak, 18:30ean hasita, eta nerabezaroa, aisialdia, arauak eta mugak, drogen kontsumoa eta familiaren jarrera bezalako faktoreak landuko dituzte.
Parte hartu nahi duten gurasoek aurrez izena eman beharko dute, hilaren 10erako. Tolosako Udaleko Osasun eta Gizarte zerbitzuetan eman daiteke izena, eta 943 69 74 60n. Azkenik, ikastetxeetan ere egin daiteke izen ematea.