Etxepare Institutuaren babesa izango du aurrerantzean ere, Topic zentroak

Ataria 2013ko irailaren 5a

«Euskal kultura nazioartean sustatzeko» elkarlana sendotu dute bi erakundeek, hitzarmen batekin

Marijose Olaziregi, Elena Basagoitia, Aizpea Goenaga eta Idoia Otegi, lankidetza hitzarmena sinatzeko unean.

Tolosako Topic zentroak eta Tolosako Ekinbide Etxeak beren jarduna nazioartean ezagutarazten jarraitu ahal izateko, Etxepare Institutuaren laguntza izango dute aurrerantzean ere, Donostian sinatu berri duten elkarlan hitzarmenaren bitartez.

Agerraldian, Aizpea Goenaga eta Marijose Olaziregi izan dira Etxepare Institutuko ordezkariak, eta gisa honetako hitzarmenak beren jardunean «zeregin isila» direla azaldu dute: «Lan isila da hitzarmenena, eta bertako kultura kanpoan ezagutaraztea ahalbidetzen duten lankidetza hauek helburu zehatzak izan ohi dituzte, materializatzen edo gauzatzen direnak, alegia», nabarmendu du Goenagak.

Bi erakundeen arteko lankidetza duela zenbait urte hasi zen, eta beraz, sinatu berri dutena aurreko elkarlanaren ondorio besterik ez dela nabarmendu dute: «Honek ez du esan nahi hemendik aurrera bakarrik lan egingo dugunik; lehendik ere elkarlanean ari ginen, eta hori gauzatu eta sendotzeko sinatuko dugu hitzarmen hau».

Etxepare Institutuko Goenaga zuzendariak, Topic bezalako guneak izatea «ohorea» dela azaldu du, atzerrian duen zabalkundea azpimarratuz. TEEk eta Topic-ek Ekialde Urrunean hainbat egitasmo aurkeztu izan dituzte, eta Txina, India eta Taiwango merkatuak izan ditu Goenagak, hizpide: «Nazioartekotasunari begirada oso sakona ematen diote, eta guretzat zailak diren ekialdeko merkatuetan parte hartzen dute».

Euskal mugetatik kanpo zabaltzen duten lan hori, ordea, museo izaeratik harago doa Etxepare Institutuaren arabera: «Txotxongiloekin lan egiten dute, Uniman aritzen dira, eta didaktikaren esparruan ere sekulako ekarpenak egiten ari dira». Honenbestez, jardun eta merkatu hauetan egotea bermatuko die hitzarmenak tolosarrei.

Tolosatik mundurako leihoak

Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakari Elena Basagoitiak eta Topic zentroko zuzendari Idoia Otegik parte hartu dute hitzarmenaren aurkezpenean, eta eskerrak eman dizkiote Etxepare Institutuari, lankidetzagatik.

Horrela, TEEk urte osoan zehar, Topic kudeatzeaz gain, Abesbatza Lehiaketa, Eskulturastea, Amalur jardunaldiak nahiz Titirijai antolatzen dituela argitu du Elena Basagoitiak, eta beraz, egitasmo hauetan guztietan ere Tolosatik mundurako leihoa zabaltzen dutela.

Atzerriko egitasmoak aurrera eramateko, institutuaren laguntza ezinbestekotzat jo du Idoia Otegik: «Egungo egoera ekonomikoarekin, nazioarteko foro, jardunaldi eta jaialdi askotara ezin izango genuke joan. Etxepare Institutuaren laguntzari esker, ordea, burutu ditugu jada, hainbat lan bidaia».

2009. urtean ireki zituen ateak Topic zentroak, eta Etxepare Institutua, berriz, 2010ean sortu zen. Garaikideak izateak, beraz, bi erakundeen arteko elkarlan eta babesa erraztu du Otegiren ustez: «Orduz geroztik elkarlanean aritu izan gara, eta TEEren helburuetako bat beti izan da gainera, beste erakundeekin batera aritzea. Elkarrekin indar handiagoa egin daiteke gure jardunean», azaldu dute tolosarrek.

Honen harira, 2016. urtean Unimaren Nazioarteko Kongresua Donostian eta Tolosan egiteko iaz Txinan aurkeztu eta irabazi zuten hautagaitza gogora ekarri nahi izan dute, eta baita azken hilabeteotan esku artean izan dituzten egitasmoak ere: «Belgikan ere izan ginen, Topic zentroa European Museum Forum-ean aurkezten, eta abuztuan, berriz, Taiwanen izan naiz, Children’s Education Festival delakoan, hezkuntzari loturiko jarduerez hitz egiteko».

Beren proposamenek Taiwanen «oso harrera ona» izan dutela azpimarratu du, eta Topic-en ingurukoaz gain, euskal kulturarekiko sekulako interesa azaldu diote bertakoek: «Txalapartari buruzko informazioa eskatu digute, pentsa!».

Aurrera begira, azkenik, datorren urrian, Greziako Kilkis hiriko txotxongilolari gazteen jaialdian epaimahaikide gisa parte hartuko dute tolosarrek.

Honenbestez, txotxongiloak sortzeko artea, hauek biltzen dituen zentroa, eta batez ere, esparru honi loturiko didaktika eta hezkuntza mundu zabalean sustatzen jarraituko dute TEEk, Topic-ek, eta Etxepare Institutuak. «Hitzarmen honek laguntza ekonomikoa ekarriko dio Topic zentroari, baina diru laguntza horiek pausoz pauso etorriko dira, egitasmoz egitasmo. Gainera, egitasmo horiek ekar ditzaketen bestelako fruituei begira ere jarriko gara», nabarmendu du Aizpea Goenagak.

___________________________________________________________________________________________

Tolosaldeko idazleak ere atzerrira begira

Marjose Olaziregik Etxepare Institutuko hitzarmenak nola gauzatzen diren azaldu du, eta hemen ere bada Tolosaldeko ordezkaririk.

Zehazki literaturaren esparruan, Euskal Idazle, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin, hitzarmen «garrantzitsua» dutela azaldu du. Itzulpen lantegia antolatzen dute, eta aurten Polonian amaituko dute lantegia. Bertan, Juan Kruz Igerabidek parte hartuko du Harkaitz Canorekin.

Era berean, Karlos Linazasoro Verinesen (Asturias) izango da Iban Zaldua eta Miren Agur Meaberekin batera, Instituto Cervantesekin duten hitzarmen baten ondorioz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!