Urtetik urtera bisitari gehiago erakartzen ditu Larraitzek

Ataria 2013ko irailaren 4a

Gehiengoari amaitu zaizkio atseden hartzeko egunak, baina bada oraindik oporretan denik edota oporrak hartzeko dagoenik ere. Hala ere, bisitari gehien uztaila eta abuztuko hilabeteetan izan ohi da, eta Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak egin du bi hilabeteko bisitari kopuruaren balantzea. Garaiak kontuan hartuta, eta iazko datuekin alderatuz, «positiboa» izan da turismo bulegoko arduradunek egiten duten irakurketa.   

Udan Tolosan egindako bisita gidatu bateko kideak, Eva Puertolas gidariarekin (erdian)

Tolosan eta Larraitzen dituzten bi bulegoetan 9.022 bisitariri eman diote eskualdeko informazioa. Eta horietatik 3.451 Larraitzetik pasa dira. Iazko datuekin alderatuz gero, uztaileko bisitari kopuruak jaitsiera izan du, baina abuztuko datuek gorakada izan dute. Eta nabarmentzeko datuen artean, Txindokiko Itzala informazio puntuak urtetik urtera bisitari gehiago erakartzen dituela izan da.

Datuak aztertzerakoan, turismo bulegoko Aloña Garmendiak bereizketa egin du bisitari kopuruaren eta bisita kopuruen artean. Bisitari kopurua alde batera utzi eta bisita kopuruari begiratuz gero, «gorakada nabarmena» izan dela dio. «Talde handiak dira jaitsi direnak, hau da, erretirodun eta aisialdi taldeak, baina bulegoetatik pasa diren norbanakoek gora egin dute».

2009. urtean jarri zuten Larraitzeko informazio puntua eta urte hartako 1.086ko bisitari kopurua urteak pasa ahala erraz gainditzen du. Aurten, eta uztailaren 23tik hasi eta abuztuaren 23ra bitarteko datuak kontuan hartuta, 3.451 bisitari pasa dira Txindokiko Itzalatik.

Larraitzeko Mariren Zuhaiztia parkean, haur bat jolasten.

Udaberri hain euritsuak ez zion batere lagundu Mariren Zuhaiztiari. Ez zela jende gehiegi gerturatu adierazi dute, baina udako eguraldi onari esker buelta ematea lortu dute balorazio positiboa eginez. Atzo bertan, hainbat bisitari pasa ziren egunean zehar bertatik. Herrialde Katalanetatik iritsitako edota Zumaiatik gerturatutako familiak kasu. Irailean zehar ateak zabalik izango ditu.

Museoei dagokienez datuak mantendu egin direla argitu dute. Topic zentrotik 2.000 pertsona inguru pasa dira uztaila eta abuztu artean. Gorrotxategi Konfitegi museoan, berriz, 921 pertsona izan dira. 2012ko datuen antzekoak dira, uztailean taldeen beherakada izan zen, baina abuztuan bisita gidatuen eskaintza zabalagoa izateak emaitzak parekatzen lagundu du.

Turismo bulegoetan nabaritu duten jaitsiera ostatuetan nabaritu dute. Abuztua hilabete lasaiagoa izan dela argitu dute ostatuetatik, baina ezin direla kexatu gaineratu dute. Aurten, eskualdeko nekazalturismoak eta landetxeak %52,85eko betetzea izan dute, iaz baino %3 gutxiago. Hotelen kasuan, %65ean bete dira eta iazko datuekin alderatuz gero, %10ko jaitsiera izan dute.

Bisitarien jatorria zabala da, baina gehiengoa Euskal Herritik edota Gipuzkoa bertatik etorritakoena da. Espainiar estatutik etorritako bisitarien kopuruak ere behera egin du. Tolosaldea bisitatzen dutenen artean, fidelenak Herrialde Katalanetatik etortzen direnak dira. Hala ere, aurten ere, ez dute hutsik egin Frantzia, Mexiko, Australia, Danimarka, Portugal, Txile edota Argentinatik etorritakoek.

Sukaltalka, larunbatean

Zu zeu chef onena egitasmoa izango da larunbatean, hilaren 7an. Sukaltakaren barruan, eta sukaldari ezagun baten gidaritzapean, Tolosako azoka ezagutzeaz gain, erosketak egin, erositakoa prestatu eta dastatzeko aukera izango da. Horretarako, ordea, izena eman beharko da. 943 69 74 13 telefono zenbakira deituz edota tour@tolosaldea.net helbide elektronikora idatziz. Argibide gehiago nahi izanez gero, edota beste dataren bat kontsultatzeko aukera ere eskaintzen dute.

Saioa 11:00etatik 15:00etara izango da, gazteleraz edota euskaraz egiteko aukera izango delarik.  Helduek 38 euro eta 4-13 urte bitarteko haurrek 19 euro ordaindu beharko dute. Egunean bertan ordaindu beharko da, bisita amaitu ostean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!