Iurreamendiko lanpostuak baloratu eta antolakuntza berritu du Tolosako Udalak

Ataria 2013ko irailaren 4a

Langileek «oso gustura» hartu dituzte ordezkariak, «urte askotan eskaturiko balorazioa iritsi delako»

Langileekin elkarlanean osatu dute organigrama berria.[/caption]

Tolosako Udalak Iurreamendi egoitzako langileen antolakuntza eraberritu du, enpresa batek buruturiko balorazioa azken osoko bilkuran onartu eta gero. Prozesuan barrena langileek beren lanpostuen funtzioak zehazteko aukera izan dute, eta ekarpenak jasota, balorazio batzordeak, Iurreamendiko zuzendaritzak eta Tolosako udalbatzak jorratu dute gaia.

Egoitzaren funtzionamendua berraztertzeko bide hau 2011. urtean hasi zuen udalak, gobernu aldaketarekin. Izan ere, horrekin batera Iurreamendiko zuzendaritza batzordeko lehendakaritza ere aldatu egin zen.

Udal gobernuko kideak langileekin elkartzen hasi ziren, eta nabarmendu dutenez, «bi gabezia nagusi» atzeman zituzten orduko funtzionamenduan: batetik, gaueko erizaintza zerbitzuaren beharra nabaritu zuten egoitzan, eta horrekin batera, lanpostu bakoitzaren funtzioak zehazteko premia ere ikusi zuten.

Horrela, aldaketa prozesu bat martxan jarri zuten, Balorazio Batzorde bat osatuz. Sei kidez osaturiko batzordea aritu da lanean; horietatik hiru Iurreamendiko langileen ordezkariak izan dira, eta gainerakoak, berriz, zuzendaritzako kideak. Aipatzekoa da, batzordeak harturiko erabaki guztiak gehiengoz onartuak izatea aurrera egiteko baldintza nagusia izan dela, udalak azaldu duenez.

Bide honetan, orain dela urte bete inguru martxan jarri zuten gaueko erizaintza zerbitzua. Lanpostuak baloratzeak, ordea, hilabetetako lana ekarri dio balorazio batzordeari, eta kanpoko enpresa baten jarduna kontratatzea erabaki zuten.

Organigramak eraberrituz

Lanpostu bakoitzaren funtzioak zehaztearekin, eta oro har, egoitzaren antolaketa eraberritzearekin, zuzendaritza batzordeak eta Tolosako Udalak lau helburu nagusi bete nahi izan dituzte, besteak beste.

Lehenik eta behin, garrantzia eman diote organigrama berri bat sortzeari, eta jardun honetan, lanpostu bakoitzari bere zereginak atxiki dizkiote. Honi estuki lotuta doa beste helburuetako bat ere, lanpostuen zerrenda osatzearena; erakundea planifikatzeko tresna dela azpimarratu du Tolosako Udalak.

Honekin batera, arriskuen mapa ere sortu dute prozesuan barrena; erakundeak dituen gabeziak identifikatu, eta hauek aztertu ondoren, hobetzeko proposamenak egin dituzte.

Azkenik, eta egoitza era egokian kudeatzeko, arautegi bat zehaztu nahi izan dute: «Funtzionamenduan aldaketak egiten doazen heinean, arautegi honek lanpostuen funtzioak ere eguneratzea bermatzen du», dio udalak.

______________________________________________________________________________________

Mamen Beloki, Langileen ordezkarietako bat

«Udalak gure iritzia kontuan hartu duela sentitu dugu»

Antolaketa prozesu honetan langileen ordezkarietako bat izan da, Mamen Beloki.

Nola joan da prozesua zuen ikuspegitik?

Lanpostuen balorazioa orain dela urte asko egin zuen Tolosako Udalak, baina guk ez genuen parte hartu. Orduz geroztik, beste balorazio baten eskean aritu gara etengabe. Langileok, balorazioa egoitzatik kanpoko norbaitek egitea nahi genuen. Azkenean, udalak lagundu digu horretan, eta Ates enpresak egin du balorazioa.

Langileoi nola eragingo dizue prozesu honen emaitzak?

Duela zenbait urte egoitza barruan egin zen balorazio hartan, lanpostu bakoitzaren ezaugarriak zerrendatu zituzten, arriskuak, ardurak eta guztia azalduz. Hura irakurrita, gure lana gutxietsita zegoela iruditzen zitzaigun langileoi. Azken prozesu honetan, esaterako, nik ez nuen nire soldata igotzea nahi, bai, ordea, nire jarduna behar bezala baloratzea.

Langileen eta udalaren arteko elkarlanak lagundu dizue horretan, beraz.

Bai. Lanpostuen puntuazioa zehaztu dute, eta nik uste dut ondo egin dela, langileok oso-oso gustura baikaude. Postu batzuetako soldata igo egin da, baina beste batzuetakoa, aldiz, ez. Horren gainetik, ordea, udalak entzun gaituela eta gure iritzia kontuan hartu duela sentitu dugu. Azkenik, prozesu honen ondorioz, etorkizuneko kontratazioak egiteko gaitasun mailak ere zehaztu ditugu, eta orain baino altuagoak izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!