Tolosaldea Garatzenek antolatu ditu doako saioak, Lehiberri eraikinean duten Enplegu Zentroan
Ikasturte berriarekin batera, Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Zentroa ere martxan jarri da, eta iraila osoan barrena eskualdeko langabetuei begirako hiru ikastaro eskainiko dituzte Lehiberrin.
Saio guztiak enplegua lortzera begirakoak dira, eta besteak beste, teknologia berriekin trebatzen, curriculumak era egokian sortzen, nahiz lana bilatzeko bide berriak aurkitzen lagunduko diete ikasleei, enplegu zentroko ikastaro hauetan.
Horrela, beraz, Ikastaroei buruzko informazioa aurkitzen ikasi izenburua eman diote lehen ikastaroari. Bi orduko iraupena izango du, eta irailaren 10ean edo 12an egin ahal izango da, 09:30etik 11:30era bitarte. Edukien artean, honakoak bildu dituzte: formazio arautu eta ez arautuak bereiztea; formazio arautuaren egitura ezagutzea; Lanbideko langabetuentzako ikastaroen eskaintzaren berri izatea, nahiz bestelako master eta graduondoko eskaintza bilatzen ikastea.
Bigarren ikastaroa irailaren 17an edo 19an egin ahal izango dute langabetuek, eta kasu honetan 3 orduko iraupena izango du, 09:30etik 12:30era. Lana bilatzeko teknikak izenburupean, horrela, aurkezpen eskutitzak egiten, curriculum egokiak sortzen eta lan merkatuan parte hartzen irakatsiko diete bertaratuei.
Azkenik, Posta elektronikoa ikastaroa hilaren 24an edo 26an izango da, 09:30etik 10:30era bitarte. Finean, posta elektronikoaren funtzionamenduaz ariko dira ikasleekin, eta berau artxiboakak atxikituta bidaltzeko nola erabili behar den ikasiko dute, besteak beste.
Ikastaro hauetakoren batean izena eman nahi duten Tolosaldeko langabetuek, irekia dute jada izen-ematea. Lehiberri zentroko Tolosaldea Garatzeneko bulegoetara joanda egin daiteke, eta baita 943 65 45 01 telefonora deituta, nahiz lan@tolosaldea.net helbide elektronikora mezua bidalia ere.