Oraindik ere bada aukerarik, Paper eskolako bi zikloetan matrikulatzeko

Ataria 2013ko irailaren 3a

Erdi mailako eta goi mailako ziklo bana hasiko dira irailean.

Ostiral honetan izango dira, Tolosako Paper eskolako bi ziklo berrien ikasturte hasierako aurkezpenak. Oraindik, ordea, papergintzaren eta kimikaren esparruko bi modulu hauetako batean matrikula egin nahi duenak badu aukerarik, Don Boscok Errenterian duen egoitzan.

Pasa den maiatzean, Tolosako Udalak eta Don Boscok erdi mailako eta goi mailako ziklo hauen eskaintzaren berri eman zuten. Hainbat hilabetetan lanean aritu zen Don Bosco zentroa, kimikaren esparruko modulo hauek emateko baimena lortze bidean, eta maiatzean eskuratu zuten, hain zuen.

Baimena, ordea, baldintza batekin eman zioten Don Boscori: gutxieneko ikasle kopuru bat bermatu behar zuten bi zikloetan ikasturte berria abiarazteko.

Matrikulazio kanpaina martxan jarrita, lortu dute gutxieneko ikasle kopuru hori gainditzea, eta honenbestez, lanbide heziketan adar berri bat izango da Tolosan, aurrerantzean.

www.fpdonbosco.com web atarian goi mailako eta erdi mailako ziklo hauen inguruko informazio gehiago eskura daiteke, eta baita 943 67 29 00 telefonoan nahiz Paper eskolan bertan ere. Izan ere, oraindik zabalik da matrikulazio epea, eta aurrez aurre egin behar da, Don Boscok Errenterian duen zentroan. Zikloetako bat erdi mailakoa izango da, Kimikagintza hain zuzen, eta goi mailako zikloa, berriz Kimikagintza industriala izenekoa izango da.

Azpimarratu dutenez, eskualdean zein Gipuzkoan papergintza munduari lotutako enpresen beharrei begira osatu dituzte moduloak, eta bide beretik, ikasleak lan munduan barneratzea da helbururik garrantzitsuenetako bat.

Bi urteko hutsunea betetzera

Tolosan papergintzak zuen indarra eta tradizioagatik sortu zen, 1965. urtean, Paper eskola; besteak beste, industriaren sektorea teknologia berrietara egokitzeko beharra ikusi zuten.

Azken hamarkadetan paperaren sektorean izan duen ahultzearekin batera, ordea, ikastetxea bera ere gainbehera etorri zen, eta bi urtetan ezin izan dute hezkuntza arautuko ziklorik eskaini.

Orain ordea, hutsune hori berriro bete eta herriko hezkuntza eskaintza osatuko dute zikloek. Aipatzekoa da, gainera, Gipuzkoan ziklo hauek Tolosan bakarrik eskainiko dituztela. Tolosako Udalak balorazio positiboa egin du, eta beren iritziz, «erakunde publikoen eta Don Boscoren arteko lanaren fruitua pozgarria» da oso: «Pozik gaude eskualdean Lanbide Heziketako zikloen eskaintza oparo eta anitza dugulako, eta egungo lan merkatuaren eskaria asetzeko ongi prestatua, gainera».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!