Merkatari eta ostalariek antolaturiko ‘Udako azken festa’ Plaza Berrian izango da, abuztuaren 28tik 31ra bitarte
2010. urtean antolatu zuten lehenengoz, Tolosako ostalari eta merkatariek, Udako azken festa. Izen horren azpian, herritarren arteko boleibol partidak antolatu izan dituzte azken hiru urteotan, Euskal Herria plazan nahiz Plaza Berrian, eta aurten ere taldekako kirol honek biribilduko du udako oporraldia Tolosan; abuztuaren 28tik 31ra bitarte, Plaza Berrian izango dira partidak.
Betiko moduan, neska nahiz mutilez osaturiko taldeak osatu beharko dira hondar gaineko boleibol txapelketan parte hartzeko, eta Tolosa & Co elkarteko kide diren tabernetan eman beharko da izena, abuztuaren 11 baino lehen. Aipatzekoa da, iaz 16 taldek eman zutela izena, eta antolatzaileek herritarrak animatu nahi izan dituzte aurtengo saiorako ere.
Behin taldeak osatuta, abuztuaren 28, 29 eta 30ean ligaxkako taldeen arteko partidak jokatuko dituzte hondar gaineko boleibolean, 16:00etatik aurrera. Abuztuaren 31n, berriz, 16:00etatik aurrera, txapelketako azken txanpaz gozatzeko aukera izango da Plaza Berrian; final laurdenak eta finalerdiak izango dira lehenik, eta 20:00ak aldera finala jokatuko dute.
Aurkezpenean, araudiaren zertzelada nagusiak gogora ekarri dituzte antolatzaileek: hiru set jokatuko dituzte partida bakoitzean, eta talde onenak aurrera egingo du. Lehen bi setak 15 tantora jokatuko dituzte, eta azkena, berriz, 12ra.
Udako azken festa izenburupean hondar gaineko boleibol txapelketa irabazten duen taldeak, Ikatza tabernan afari bat jasoko du sari gisa, eta bigarren sailkatuek, berriz, Iratxon afaldu ahal izango dute. Azkenik, hirugarren taldeak Eguzki tabernako otordua jasoko du sari moduan.
Boleibol partidak ikustera joaten diren herritarrentzat, berriz, ostalariek barra jarriko dute Plaza Berrian, eta Keler garagardoa eskuragarri izango da bertan; katxiek 5 euroko prezioa izango dute, gainera.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «urtez urte berrikuntzaren bat eskaintzen» saiatzen dira, eta aurten ere izango da nobedaderik.
Hasteko, Tolosa & Co merkatari eta ostalari elkartearen Facebook orrialdean txapelketako araua, partidek egutegia nahiz emaitzak argitaratuko dituzte. Honekin batera, hondar gaineko boleibol txapelketako argazkiak nahiz eduki multimedia www.agerremedia.com web atarian ikusi ahal izango dira.