Herrialdeko hitzarmenen alde borrokan jarraituko du LAB sindikatuak

Ataria 2013ko uztailaren 23a

Herrialdeko hitzarmena indargabetu, eta Estatuko hitzarmena aplikatu duten Tolosaldeko bost enpresen erabakia salatu du LAB sindikatuak. Azken lan erreformen ondorioz, «elite ekonomikoaren interesak nagusitu eta patronalak lan baldintzak desarautzeko erraztasun handiagoa» duela dio LABek.  

Sindikatuak adierazi duenez, Mecanizados Garmendiola, Pasteleria Eceiza, Talleres Guibe, Zuhaizki eta Tarte dira erabaki honekin aurrera egin duten bailarako bost enpresak. «Bakoitzean eredu eta erabaki desberdinak hartu dituzte: batzuetan lan baldintzak epe motz batera arte luzatzen dira; beste batzuetan soldata eta jardunaldia mantendu... baina denetan elementu amankomun bat dago: Estatuko hitzarmena aplikatu eta kontratazio berriei orain plantillan dauden langilei onartzen zaizkien onurak ez onartzea».

Sindikatu abertzaleak gogor salatu nahi izan du enpresa horien jarrera, «une latz hauetan lan baldintzen desarautzean aitzindari izatea erabaki dutelako». Bere partetik, LABek, «Euskal Herriko langile guztien negoziazio kolektiborako eskubideari, hitzarmen sektorial eta enpresa hitzarmenei eusteko lehentasunari heldu» nahi diotela jakinarazi du.

Negoziazio kolektiborako marka propioa aldarrikatu du LABek eta horretarako, «azken unera arte borroka egingo» dutela azaldu dute, baina, uztailaren 5ean, Confebaskek atzera bota zuen proposamena. Dena den, LABek argi dauka zein den jarraitu beharreko bidea: «akordio interprofesionala da bitartekoa, herrialdeko hitzarmenak estatuko hitzarmenen gainetik jarriko dituena, ultra aktibitatea luzatuko duena, eta negoziazio kolektiborako euskal esparrua mantentzeko balio politiko handia izango lukeena».

Borrokan jarraituko dute

Bien bitartean, orain arte enpresetan aplikatu duten sektoreko edo enpresako hitzarmenak defendatzeko borrokan jarraituko duela adierazi du LABek: «ez dugu ontzat ematen eszenatokia, eta hau aldatu ahal izatea egiten dugun indarraren ondorio izango da. Gatazka iraunkorrak bermatuko digu irtenbidea».

Borrokaz gain, bide judiziala ere erabiliko duela jakinarazi du LABek: «langile guztiek argi izan behar dute edozein komunikazio jasotzen dutenetik 20 egun bakarrik dituztela erreklamazioa egiteko».

Halaber, lan erreformaren aplikazioak sortzen dituen ondorioak, «lan gatazka soilak ez direla» salatu du sindikatuak: «Sakonagoa da. Arazo politiko eta sozial baten aurrean gaude, eta instituzioek inplikatzen jarraitu behar dute. Hori da modu zuzenean Gipuzkoako Diputazioak Adegirekin harremanak apurtuz egin duena».

Borroka horretarako, gainontzeko sindikatuen laguntza ezinbestekoa izango dela azpimarratu du LABek: «CCOO eta UGTk argi izan behar dute edukirik gabeko hitzarmenak sinatzean ez dagoela irtenbiderik». Era berean, ELAri dei egin dio sektoreko hitzarmenen defentsa lanetan hasi daitezen, «horiek baitira langile guztiak babesteko tresnak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!