Gipuzkoako Foru Aldundiak 180.000 euroko diru laguntza eman dio Tolosako Udalari, proiekturako
Tolosako Larramendi kalean, gasolindegiaren ondoan, datorren urrian biribilgunea egiten hasteko proiektua formalizatu, eta lankidetza hitzarmena sinatu dute Tolosako alkate Ibai Iriartek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek. Besteak beste, aldundiak 180.000 euroko diru laguntza emango dio udalari, 600.000 euroko aurrekontua osatzeko.
Ibai Iriarte alkateak, «proiektua aspaldikoa» dela azaldu du, eta gogora ekarri du, hasiera batean Larramendi eta Belate lotzeko zubi bat ere aurreikusi zutela. Hastapeneko egitasmo honek, ordea, zenbait arazo tekniko zituen, eta besteak beste Ur Agentziak azpimarratu zituen proiektuaren akatsak: «Ur Agentziak, gaur egun, 500 urtera begirako uholde arriskuak neurtzen ditu, eta proposaturiko proiektua ez zuten bideragarritzat jo», azaldu du Iriartek. Halaber, Larraitz Ugarte diputatuak, zubiaren kostuaz gain, «proiektuak zituen akats larriak eginezinak» zirela azpimarratu du.
Honegatik guztiagatik, eta Tolosako Udalak zubia eraikitzeko helburua atzera bota ez duenez, «egiteko modukoa den zubi bat eraikitzeko ideia aztertzen» ari dira: «Lanean ari gara, baina biribilguneak ezin du itxaron gure ustez, eta lehen zatiari ekingo diogu», dio Ibai Iriarte alkateak. Modu honetara, atzo bertan sinaturiko lankidetza hitzarmena proiektuko lehen faseari dagokiona da, eta bigarren fasean burutuko dute biribilgunetik Belatera, GI-3650 errepidera, joango den zubia.
Trafikoa, segurtasunez
N-1 errepidean, Donostiatik Tolosara datozen ibilgailuen sarreran egingo dute biribilgunea, eta proiektua amaitzean, segurtasun baldintzak asko hobetuko direla azaldu dute Tolosako Udaleko eta foru aldundiko ordezkariek.
Batetik, Donostiatik Tolosara datozen ibilgailuek abiadura murrizteko balioko du biribilguneak, eta era berean, gurutzaguneak saihestu egingo dituzte. Honekin batera, aurrera begira eremu horretan aurreikusita dauden proiektuetarako ere «hobekuntza nabarmenak» ekarriko ditu biribilgune berriak: «Oria ibaiaren gainean zubia eraikitzen denerako prestatuta izango da eremua, eta horrez gain, Autobia Irla industrigunea garatzen denerako ere, sarbidea egokituta izango da».
Izan ere, Tolosako hirigintzako udal plangintzaren zati da Larramendiko biribilgunea, eta esparrua aldaketa garaian denez, sarrera duin bat osatzea beharrezkotzat du Ibai Iriartek: «Hirigintzari dagokionez, herriko gune hori garatzen ari da, eta sarbideak ondo antolatzea ezinbestekoa da, izan ere, gaur egun ibilgailuek ezkerrerantz bira eman behar izaten dute puntu horretan, bai sartzeko eta baita irteteko ere, eta horrek arriskua handitzen du».
Honenbestez, «trafiko dentsitate handiko leku honetan, segurtasun handiagoa izango da biribilguneko lanak amaitzean, eta ibilgailuen fluxua dinamikoago bilakatuko du horrek». Azkenik, aipatzekoa da, Uzturre kaleko zirkulazioa bi noranzkotan jarri ahal izango dutela, guztia amaitzean.
Udazkenean abian
Larramendiko biribilgune berria egin ahal izateko, 600.000 euroko aurrekontua beharko du Tolosako Udalak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinaturiko lankidetza hitzarmenaren ondorioz, 180. 000 euroko diru laguntza jasoko du Tolosako Udalak.
Larraitz Ugartek zehaztu duenez, aurten 45.000 euro jarriko dituzte eurek, eta lanak amaitu eta guztia zuzen joan dela ikustean, gainontzeko 135.000 euroak jarriko ditu aldundiak; gogora ekarri behar da, proiektuaren lehen faseari dagokion finantziazioa dela honakoa.
Obra hauek guztiz amaitzeko 9 hilabeteko epea izango du enpresa esleipendunak, eta hain zuzen, datorren irailean burutuko dute biribilguneko obraren esleitzea. Eraberritze lanekin, berriz, urrian hasiko dira, gutxi gorabehera Larramendiko lurperatzearen eta urbanizazioaren lanak amaitzearekin batera.