Bonberenea Sutan[/caption]
Zazpi urte igaro ditu Bonbereneak etxea bere horretan mantentzeko borroka eginez. 2007. urtean San Esteban-Laskorain Goikoa proiektuak mila etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen, sormenari eta kulturari espazioa utzi gabe. Hori dela eta, etxeak zutik irauteko erreibindikatzen zuen Bonberenea Sutan izeneko kanpaina abiatu zuten gazte tolosarrek.
Kanpaina horren barnean bi urtez behin izen bereko musika jaialdia antolatu izan dute. Besteak beste, gaztetxeko futbol zelaiko eszenatokitik Delorean, Deabruak Teilatuetan, Willis Drummond, Kerobia, Lisabö, Zea Mays, Anestesia, Ama Say, Doctor Deseo, Anari, Atom Rhumba, Gose, Berri Txarrak, Matxura edo Glaukoma bezalako taldeak pasa dira.
Aurten, kontzerturik antolatzea egokitzen ez den arren, etxea zutik mantentzeko «bide onean» dagoela ikusita, Bonberenea Sutan jaialdiaren laugarren edizioa antolatzea erabaki dute gazteek, aldarrikapen hau burutzeko egiten den azkenekoa izatearen esperantzarekin.
Puntako taldeak
Jaialdi honi merezi duen amaiera emateko, punta-puntako taldeak bilduko dira datorren abuztuaren 31n Bonbereneako futbol zelaian. Zuloak taldeak emango die hasiera kontzertuei, 20:00etan. Fermin Muguruzak, taldearen izen bereko film.dokumentala grabatzeko sortu zuen, eta orduz geroztik kontzertuak eman eta eman ari da hirukotea.
Ondoren, Anai Arrebak taldearen txanda izango da. Pasaitarrek beren azken diska, Dantzagarriagoa, taularatuko dute, rock, post-punk eta blaxplotation doinuak uztartuz. Gero, Bad Sound System taldeak Hip Hop eta Reggae doinuak jarriko ditu. Hauek ere, azken lana, Aldaketa izenekoa, aurkeztuko dute.
Fermin Muguruza Kontrakantxa izango da gaueko laugarren eta azken kontzertua. Irundarrak Kontrakantxa taldea osatu zuen beste zortzi musikarirekin batera eta mundu osoan zehar hara eta hona ibili ostean, No More Tour 2013 izeneko birari amaiera emango dio Tolosan. Eta ez birari soilik, izan ere, Muguruzak ibilbide musikala ere bere horretan utziko du.
Festa erraldoiari amaiera emateko, Ziribulio Sound DJ tolosarrak arituko dira etxearen barnean goizaldera arte, Rap, Reggae eta Dancehall doinuak eskainiz. Monsieur lecrêpe Mc ere bertan izango dela jakinarazi dute Bonbereneako kideek.
Jaialdirako sarrerak, abuztuaren 1etik aurrera jarriko dira salgai Bonberenean bertan, eta Orbela, Denak eta Mescal tabernetan. Aurten, ez da internet bidez sarrerak erosteko aukerarik. Prezioa, berriz, bakarra izango da, bai aurretik erosita, baita egunean bertan erosita ere: 15 eurokoa.
Aldarrikapenak baztertu
Jaialdia amaitzean, denboraldi baterako aldarrikapenak alde batera utziko dituzte gazteek: «espero dugu inoiz errepikatu behar ez izatea. Garaipena geroz eta gertuago daukagu», diote.
Datuak
Bonberenea Sutan 2013
Data. Abuztuak 31.
Lekua. Bonbereneako futbol zelaian, eta ondoren, barruan.
Egitaraua. Zuloak, Anai Arrebak, Fermin Muguruza Kontrakantxa, Bad Sound System eta Ziribulio Sound.
Ate irekiera. 19:00etan.
Kontzertuen hasiera. 20:00etan.
Sarreren prezioa. 15 euro.
Sarreren salmenta. Abuztuaren 1etik aurrera, Bonberenean bertan, edo Orbela, Denak eta Mescal tabernetan (Tolosan).
Informazio gehiago. Webgunean (www.bonberenea.com) eta Facebookeko orrialdean (www.facebook.com/bonberenea.sutan).
Gutuna: Metxeroak gordeko ditugu
Ziur asko, pertsona asko harrituko dira Tolosako Bonberenea gaztetxeko kideon aldarrikapen berri honekin eta 2013an ere Bonberenea Sutan jaialdia ospatuko dela jakitearekin. Izan ere, badakigu orain arte jaialdi hau bi urtez behin ospatu izan dela gaztetxearen futbol zelaian. Aurtengo edizioa, berriz, 2012an burututako 3. ediziotik urtebete ere igaro ez denean iragartzen ari gara, orain arte jarraitutako ohitura hautsiz. Zalantzarik gabe, gaztetxea kokatzen den San Estebango auzoaren etorkizuneko planen aldaketak eragin du erabaki hau.
Komenigarria da Bonberenea Sutan jaialdia testuinguru egokian kokatzea. Musika jaialdia bera eta orain arte gauzatutako edizio guztiak, 2007an martxan jarritako kanpaina zabalago baten ekintzarik nabarmenenak eta esanguratsuenak izan dira. Izan ere, bertatik pasa dira hainbat eta hainbat musika talde, guztiak dirurik jaso gabe eta Bonberenearen etorkizunaren alde. Baina Bonberenea Sutan kanpaina hori baino askoz zabalagoa da.
2007an jarri zen martxan kanpaina hau, garaiko Tolosako Udalak San Esteban auzoarentzat aurreikusitako hirigintza plana zela eta, orain arte Tolosak ezagutu duen hirigintza planik handiena. San Esteban-Laskorain Goikoa bezala ezagutzen zen plan hark 1000 etxebizitzatik gora eraikitzea aurreikusten zuen eta, beste zenbait gauzen artean, Bonberenearen etorkizuna zuzenean mehatxatzen zuen. Ordura arte egindako lana eta garatutako azpiegitura osoa ezerezean utzi ahal izateaz gain, gaztetxean parte hartzen dugunon printzipioen aurka zihoan auzo berri bat eraikitzea zen garaiko udalaren nahia. Bonbereneak argi azaldu zuen gutxi batzuen interes ekonomikoak defendatzeko hirigintza proiektu haren inguruan zuen iritzia, besteak beste gaztetxearen 13. urteurreneko aldarrikapenean.
Bonberenea Sutan, beraz, gaztetxearen etorkizunaren mehatxu hauei aurre egiteko abiarazitako kanpaina bat da, dagoeneko sei urte luze egin dituena eta bai Tolosako eta baita Euskal Herriko txoko ezberdinetako milaka pertsonen babesa jaso duena. Horren adibide dira orain arte proiektuari babesa erakusteko bildutako sinadura kopurua (10.000 sinaduratik gora, musika talde, kolektibo eta pertsonen artean) eta 2010eko San Joanetan Tolosako kaleetan zehar igarotako kalejira masiboa.
Hala ere, jakina da ia ezer ez dela betiko eta egoerak aldatu egiten direla denboraren edota jendearen indarraren poderioz. San Esteban auzoaren etorkizunak goitik beherako aldaketa bizi izan du azken hilabeteetan. Tolosako Udalaren eta auzoko zein Tolosako beste puntu batzuetako hiritarren artean abiatutako prozesu parte hartzaile eta demokratiko baten bitartez, San Esteban auzoak etorkizunean nolakoa izan nahi duen erabaki du, edozein indar politikoren inposaketatik at eta auzokideen parte hartzea eta iritzia kontutan izanda. Bonbereneako piromanook parte hartu dugun prozesu honetan argi eta garbi geratu da San Esteban auzoko hiritarrek ez dutela eurentzat San Esteban- Laskorain Goikoa bezalako hirigintza planik nahi.
Auzotarrek, oso bestelakoa den planteamendu baten alde egin dute. Auzo lasai, berde eta seguru bat izango dutela erabaki dute, eta baita ere Bonberenea auzo horretan integratua egongo dela. Hau dela eta, piromanook San Esteban auzoaren babesa eta zilegitasuna daukagula nabari dugu. Izan ere, herritarrek erabaki dute zein auzo mota izan nahi duten etorkizunean, eta auzo horretan Bonberenea dagoen tokian egongo dela erabaki da.
Hau guztia dela eta, orain arte martxan egon den Bonberenea Sutan kanpaina indargabetzea erabaki dugu, etorkizunarekiko ditugun aurreikuspenak erabat aldatu direla ikusita. Oraindik ezin dugu ziurtatu gaztetxearen etorkizuna erabat bermatu denik edota 2013ko Bonberenea Sutan jaialdia azkena izango denik, baina hiritarren hitza errespetatua izango delakoan gaude, batez ere udalak aurreko proiektua atzera bota ostean garatu den prozesu parte hartzailearen ondorioak ikusita.
Ez ditugu botako baina denboraldi baterako metxeroak gordeko ditugu. Espero dugu inoiz atera behar ez izatea eta Bonberenea Sutan 2013 azkena izatea. Ezin dugu esan garaipena lortu dugunik, baina bai inoiz baino gertuago daukagula. Bitartean, sormenaren suhiltzaileen aurrean izan piromano eta zabaldu sua.
Bonbereneako kideak.