Herriarteko txapelketaren finala galdu arren, Tolosan bazkariarekin ospatu dute

Ataria 2013ko uztailaren 9a

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala galdu zuen herenegun Tolosak, Oiartzunen aurka. Hala eta guztiz ere, finalera iristea gutxi ez denez, bazkari batekin ospatu zuten lorpena Zerkausian. Tolosa 1975. urtean iritsi zen finalera azken aldiz, eta orduan, herenegun bezala, txapeldunorde gelditu ziren.

Igandean, Atano III.a pilotalekuan jokatu zen finala, eta Donostiara Tolosako hainbat ordezkari joan ziren, tartean, Ibai Iriarte alkatea. Lehia bikain hasi zen eskualdekoentzat, kadeteetan, 22-6ko emaitza lortu baitzuten Egigurenek eta Peñak. Juniorretako partidaren ostean, txapela oraindik tolosarren eskuetan zen, Mujika-Belokik 7-22 galdu baitzuten. Tanto bakarreko aldea txiki gelditu zen hirugarren eta azken partidan. Seniorren mailako lehian ez zen partidarik egon, oiartzuarrak goitik behera nagusitu baitziren 22-3ko emaitzarekin. Mujika-Errazkinek ez zuten euren egunik onena izan. Tolosako taldearen botileroa Andres Aramendi izan zen.

Itzulerako bidaia ez zen nahi bezain alaia izan, baina hala eta guztiz ere, Zerkausian 50 lagun inguru elkartu ziren bazkaltzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!