Eskuz egindako gauzak sortzen dituzten tolosarrei nahiz Tolosaldeko biztanleei erakusleihotzat balioko die, BOX.A arte elkarteak datorren uztailaren 20rako antolatu duen Made in Tolosa azoka bereziak.
San Esteban auzoko egoitza egokitu zutenez geroztik, BOX.Ak antolatuko duen hirugarren azoka berezia izango da hilaren 20koa, eta artisauei dei egin diete, bertan postua jartzeko: «Eskuz eginiko lanak egiten dituzten guztiei zabaltzen diegu gonbidapena: artea, artisautza, gauza bitxiak, janaria, osagarriak,...».
Hilaren 20ko azoka arratsaldez zabalduko dute, 16:00etatik 22:00etara bitarte, eta aurrerago egitarauaren xehetasunak ezagutaraziko dituzte BOX.A arte elkarteko kideek. Made in Tolosa antolatu ahal izateko, ordea, postuak beharko dituzte, eta eskulanak egiten dituztenek doako izen-ematea izango dute azoka honetan.
Horretarako, mezua bidali behar da gu@boxagara.comera, gaitzat Made in Tolosa jarriz. Jarraian nahitaez eskaera orria bete beharko du artisau bakoitzak, postua jarri ahal izateko.