Arrantzaleen emazteek sentitzen duten bakardadearen gogortasuna. Alargunak nahiz senarra itsasoan duenak. Antzerakoa da sentimendua bi kasuetan, bietan nagusitzen baita bakardadea. Maiz hitz egin izan da arrantzaleen inguruan, baina ez gehiegitan euren emazteek sentitzen dutenaz. Bada, itsasgizonen bi emazteren istorioa kontatuko dute dantzaren, antzerkiaren eta musikaren bidez Villabonako Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroak elkarlanean burutu duten lan berrian.
Oinkari dantza taldeko Eneko Arteagak dioenez, «dantza emanaldi bat baino gehiago» da Tolosako Leidor aretoan uztailaren 12an estreinatuko duten Itsasoaren emazteak: «Dantzariek garrantzia izango dute, baina, horrez gain, lau musikari ariko dira zuzenean, eta bi aktore taula gainean». Horrela irudikatuko dute arrantzaleen emazteetan oinarrituriko itsas giroko istorioa.
Duela urtebete hasi zen guztia. Oinkari dantza taldeko arduradunak Hika Teatroko Agurtzane Intxaurragarekin jarri ziren harremanetan, eta euren ikuskizun berria berak zuzentzea proposatu zien. Pello Ramirez musikariak ere parte hartuko zuela argi zuten Oinkarikoek. «Hika antzerki taldeko zuzendaria da Agurtzane; Lan pare bat lehenagotik elkarrekin eginak bagenituen, Amantalen ahotsa ikuskizuna kasu, eta oso esperientzia onak izan dira. Era berean, garbi genuen, musikan azkenaldian egin dituen kolaborazioengatik Pello ere bertan izatea nahi genuela, bere musika oso gustuko dugu, eta oso aberasgarria iruditzen zaigu», adierazi du Arteagak.
Bada, Agurtzane Intxaurragarekin batera, Pello Ramirezen etxera joan ziren, eta konposatzen ari zen abestiak entzun zituzten. «Agurtzanek esan zion bere musikak itsasoa ekartzen ziola burura, eta une hartan zehazturik geratu zen ikuskizunaren gaia itsasoa izango zela». Istorioa osatuz joan ziren, Intxaurraga arduratu zen gidoia prestatzeaz, eta urtarrilean hasi ziren dantzak lantzen.
Villabonako dantza taldetik sortu zen ideia pixkanaka handituz joan zen, eta Hika Teatroa ekoizle moduan sartu zen eurekin batera. «Gu herriko dantza talde bat gara, eta Hikakoak, berriz, profesionalak dira, antzerkiaz bizi dira. Horrek, batetik, ikuskizunaren tamaina handitu du, ardura handiagoa izan da guretzat, eta batez ere, entseguen intentsitate mailan nabaritu dugu; bestetik, profesional handiekin lan egiteko aukera eman digu», dio Eneko Arteagak.
Izan ere, ibilbide luzeko artistak izango dira taula gainean. Musikari dagokionez, Pello Ramirezekin batera, beste hiru musikari zuzenean ariko dira. Emazteen paperean Miren Gojenola eta Agurtzane Intxaurraga sartuko dira, eta dantzan, Oinkariko 51 dantzari. Gainera, Intxaurragarekin batera, Kukai dantza taldea ere aritu da koreografiak lantzen.
Oinkariko dantzariak estreinaldiaren eguna iristeko irrikaz daudela onartu du Arteagak: «Azken asteak oso gogorrak ari dira izaten, eta horregatik eskertzekoa da dantzari gazteak egiten ari diren esfortzua». Dantzari, aktore eta musikarien uztarketa «oso naturala» izan dela dio, eta Villabonako taldekoei benetan «gogorra» egin zaiena interpretazioa lantzea izan dela azaldu du. «Dantzatik gatoz, eta orain arte gure esfortzu osoa dantza txukun egitera bideratzen genuen, beraz, interpretazioko hainbat eskola jaso beharra izan ditugu».
«Oinkari desberdin bat»
Orain arte entseguetan ikusitakoarekin «oso gustura» daude. Hori bai, Oinkari «ezberdin» bat ikusiko dutela Leidorrera gerturatzen direnek dio Arteagak: «Gu ohituta gauden esparrutik dezente mugituko gara, dantza garaikideak ere bere zatitxoa izango du, eta ez du izango zerikusirik orain arte ikusi denarekin».
Leidorreko estreinaldiak «garrantzi handia» izango du, «bertan paper ona eginez gero emanaldiak ateratzen joango baitira». Halaber, aurrera begira etorriko diren emanaldiek aukera emango diete euren ohiko esparruetatik irten, eta antzokietan emanaldiak eskaintzeko.