Tolosaldeko EH Bilduko alkateek eta zinegotziek euskal presoen eskubideen aldeko konpromisoa indartzea erabaki dute, eta horretarako hamar puntuz osatutako konpromiso zerrenda bat aurkeztu zuten atzo Tolosako udaletxean egindako agerraldian.
Presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak «lehentasunezkoak» direla azpimarratu nahi izan du koalizioak, «bidezkoak izateaz gain, jendartearentzat ere garrantzitsuak direlako». Zentzu horretan urte hasieran Bilbon egin zen manifestazio jendetsuak «herri interpelazio erraldoia» suposatu zuela esan du:
«Espainia eta Frantziako gobernuak interpelatu ziren, gatazkaren konponbiderako aukeraren aurrean duten blokeo jarrerarengatik. Eta jarrera horixe, hein handi batean, euskal euskal presoen eskubideen urraketan oinarritzen dutelako» .
Dispertsioarekin amaitu, giza eskubide guztien aitortza, gatazkaren konponbidea eta bakea eraikitzeko euskal jendarteak konpromisoak eskatzen dituela adierazi du Bilduk. «Presoen eskubideen inguruko adostasuna dago euskal gizartean, jakin baitakigu presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko zama jasanezina izango duela».
Normalizazio prozesu horretan «aurrerapausoak eman badira ere, elkarbizitzan edo biktima guztien aitorpenean esaterako egiteko asko» dagoela aitortu du Bilduk.Dena den, presoen eskubideena «inolako aurrerapausorik egin ez den arlo bakarra» dela salatu du. «Jarrerarik inmobilistenak hortxe ari gara ikusten».
Euskal presoen eskubideak bermatzeko aurrerapauso hori egiteko erabakia hartu du Bilduk, «ezinbestekoa baita dispertsioarekin eta neurri horrek dakartzan eskubide urraketekin berehala amaitzea, eta konponbide prozesuari Madrilek eta Parisek ezartzen dioten blokeoa gainditzea».
Horregatik, hamar konpromiso hartu dituzte bere gain Bilduko hautetsiek, eta eskualdeko udal guztietan bultzatuko dituzte.Konpromiso horiekin dagoeneko «lanean» direla adierazi dute koalizioko kideek.
Hamar konpromisoak
1. Herriko presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatzea hilabeteko epean eta sei hilabetero berritzea.
2. Hasierako dosierra Instituciones Penitenciariasera, Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaileari, Justizia Ministerioetara eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari igortzea bertan jasotzen diren eskubide-urraketak ekiditeko eskatuz.
3. Herriko presoekin bisita erronda ofizialari ekitea.
4. Herriko presoei udal erabakiak eta udalak argitaratu edo ateratako materialaren ale bana bidaltzea.
5. Hilabeteko azken ostiraletan Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzea modu ofizialean.
6. Udaleko ordezkari gisa parte hartzen duten ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramatea.
7. Preso gaixoak dauden herrietan alkateen taldean parte aktiboa hartzea presoa etxeratu arte.
8. Hiru hilabetean behin herriko presoen senideekin bilerak egitea, egoeraren berri zuzena izateko.
9. Euskal Herritik kanpo dauden presoei bisitatzeko diru-laguntzak eman ahal izateko araudia onartzea.
10. Etxerat eta Herrira elkarteei udal lokalak uztea beraien bilerak edo lanak egiteko aukera izateko.