Sortuko dira besteak ikuskizunak beren ibilbidearen puntan dauden artistak bilduko ditu datorren ekainaren 21an, Tolosako Leidor antzokian: Mikel Urdangarin, Petti, Olatz Prat, Arantxa Irazusta, Alex Sardui, Mixel Ducau, Harkaitz Cano, Eñaut Elorrieta eta Estitxu Pinatxo, besteak beste.
Euskal kantagintzako kantu klasikoen moldaketez osatutako emanaldia, kantutegi eta formula berriekin iritsiko da Tolosara.
Joxan Goikoetxea soinujolearen esanetan, parte hartzaile, kantu eta testuen hautaketak «intentzionalitatea du, euskaltasun sakon eta ideologiko baten aldetik». Hori dela eta, balore literarioari eman nahi izan diote garrantzia aukeraketa prozesuan.
Kontzertuak hasiera berezia izango du: duela 40 urte, Errobi taldeak Tolosan grabatu zuen zuzeneko diskoaren hasiera berdina izango du, Daniel Landarten hitzak ahora ekarriz. Kasu honetan, baina, Mixel Ducauk, Eñaut Elorrieta izango du bidelagun. «Horrelako esanahiez betea egongo da kontzertua, guztiak zentzua du. Ez da alderdi komertzial eta estetikoa soilik bilatu», adierazi du Goikoetxeak.
Kantaldiaren beste berrikuntzetako bat, kantutegiak berak izandako aldaketa da. Klasikoez gain, ingelesezko beste hainbat kantu, euskaraz entzuteko aukera izango da. «Euskaldunok kanpoko kantuak euskaratzeari konplexua diogula dirudi, eta ikuskizun honetan demostratuko da horrek ez lukeela horrela behar» azaldu du Olatz Prat kantariak.
Bestalde, Pratek kantarien arteko kimika positiboari egin zion erreferentzia saio honen arrakasta definitzerako orduan: «denok bihotzez egiten dugu, eta ondo egiten ari garela sinisten dugu».
Mikel Urdangarinek ere kontzertu «berezia» izango dela azpimarratu du: «ikuskizun bat da letra larrietan, kantari batek nahiko lituzkeen laguntzaileekin. Plazer bat da bertan parte hartzeko aukera izan, eta besteak beste, Mikel Laboa, Xabier Lete edo Benito Lertxundiren abestiak kantatzeko aukera izatea».
Emanaldiak bi ordu iraungo ditu, eta giroaren arabera luzatu daitekeela adierazi du Urdangarinek. Joxe Angel Arbelaitz, emanaldiaren ekoizleak ere «noiznahi ikus ezin daitekeen ikuskizunaz» gozatzera joateko deia zabaldu du. «Harrera ona izan du eta oso publiko desberdina etorri da». Sarrerak, Leidor aretoan, Lur-Lan tabernan eta kutxasarrerak.net atarian erosi ahal izango dira.
Joxan Lizarribar gogoan
Bestalde, Sortuko dira besteak kantaldiak Joxan Lizarribar zena omenduko du. «Euskal Herri osoan zehar bi urtetan ibili gara eta Joxan kontzertu guztietara joan zen. Nolabait, ikuskizun honek sorkuntzari egiten dion erreferentziaren defendatzaile bihurtu zen eta konpromiso irmoa zuen euskal kulturarekiko» esan du Joxan Goikoetxeak.