Etorkizuneko Tolosa, euskararen hiria eraikitzeko, Euskararen Mahaia osatzen duten eragileek azken ikerketa datuak plazaratu dituzte, Tolosa&COrekin egin duten lanketaren harira. Merkataritza biziberritzeko plan berezia egiteko, Siadeco-k Tolosan egin duen azterketaren arabera, Tolosara gerturatzen diren hamar erosletatik 9,6ak positiboki baloratzen du Tolosako merkatari eta ostalariek eskaintzen duten gertutasuna; eta bestetik, merkatari eta ostalariek euskaraz komunikatzeko duten gaitasuna positiboki baloratu dute hamar erosletatik zortzik.
Euskararen Mahaiko kideen esanetan, «euskarak balio erantsia ematen dio Tolosari, bere hiri izaera garatzeko ezinbesteko bitartekoa da eta». Ikerketaren arabera, egun, Tolosako merkatari eta ostalarien %90 inguruk bere zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna dauka; «gure asmoa berriz, %100-era iristea litzake», azaldu dute mahaiko kideek.Ez hori bakarrik, Tolosa&CO-k irudikatzen duen Tolosa nahi dutela gaineratu dute: «Euskarak ate guztiak irekiak izango dituen eta gertukoa, kalitatezkoa eta anitza izango den hiria». Bide horretan, beste esparruetako eragileekin pausoak eman nahi dituztela azaldu dute Euskararen Mahaitik.
Estitxu Garairen hitzaldia
Euskararen hiria gauzatze aldera, alde batetik, komunikazioaren alorrean interesa duen orori eta, batik bat, hirugarren sektorean lanean dabiltzanei zuzenduta, Estitxu Garairen hitzaldia antolatu dute biharko, hilaren 5ean, Tolosako kultur etxean. Euskara, tresna eta aukera merkataritzan da 20:15ean hasiko den hitzaldiaren izenburua. Komunikazio egoera bakoitzari dagozkion gakoak izango ditu Estitxu Garaik mintzagai; saltzaile eta eraginkor izateko jarraibideak azaltzearekin batera.
Bestalde, Tolosa&Corekin elkarlanean, Tolosako ostalariei begirako diagnostikoa egin berri dute. Datuak eskuan, proposamenak luzatzen hasi dira, eta emaitzak «epe motz-ertainean ikustea» espero dute. Adibidez, ostalaritzari dagokionean, menuak euskaratzeko plana aurkeztuko dutela iragarri zuten Euskararen Mahaiko kideek: «Izan ere, euskaraz bizitzeko, euskara ahora eraman behar dugu jaterakoan ala edaterakoan nahiz erosketak egiterakoan. Bide bera egin asmo dugu merkatariekin. Interesa dutenekiko diagnostikoak egin eta proposamenak eskaini».
Guztien artean sortu nahi dute euskararen hiria, eta horretarako ideiak badituzte: Tolosako ikastetxeek D ereduan irakatsiaz; norbanakoek, Banaiz Bagaran, Aitzolen edo Mintzalagunan euskara ikasi eta praktikatuaz...