Genero indarkeria eta sexu erasoak pairatzen dituzten emakumeei «arreta hobea» emateko protokoloa osatu du Tolosako Udalak: Erakundeen Arteko Jarduerarako eta Koordinaziorako I. Udal Protokoloa. Erakunde eta eragile desberdinen artean egindako urtebeteko lanketaren emaitza da protokoloa, eta besteak beste, udalarekin batera, Osakidetza, Asuncion Klinika, Ertzaintza, Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio saila eta Bilgune Feminista aritu dira lanean. Genero indarkeria eta sexu erasoak jasan dituzten emakumeak ere parte hartu dute. Hauen lekukotza eta ekarpenak biziki eskertu dituzte protokoloa osatzen aritu diren beste kideek.
Protokoloaren helburua «asistentzia hobeagoa eta gertuagokoa» ematea dela azaldu dute eragile desberdinek, eta horretarako, ezinbestekoa dela guztien arteko koordinazioa, «ahalik eta eraginkorrena izan dadin». Ibai Iriarte Tolosako alkatearen esanetan, udal gobernuarentzat genero politiken inguruan lanketa sakonak egitea lehentasuna da, «onartezina delako, Tolosako herritarren erdia, emakumeak, bigarren mailako herritarrak izatea». Aurrera begira, gizartearen garapenarekin batera protokoloa aldatzen joatea nahi du Iriartek, gizartera egokituz joan dadin.
Ertzaintza ordezkatuz Tolosako ertzain etxeko burua izan zen protokoloaren aurkezpen ekitaldian, Xabier Landa. Bere esanetan arazo honi aurre egiteko ez da nahikoa Ertzaintzaren lana: «Emakumeen aurkako indarkeria gure lehentasunetako bat da 2004az geroztik. Arazo honi aurre egiteko behar beharrezkoa ikusten dugu erakundeen arteko elkarlana».
Eider Olazar Elduaien Bilgune Feministako kideak «oso positibotzat» jo zuen aurrera emango den protokoloa, eta eratze prozesua bera «oso interesgarria» izan dela esan zuen, «gizarte eragileak eta erakundeak elkarlanean aritu baitira». Indarkeria bizi duten emakumeei zuzeneko arreta eman behar zaiela uste du Olazarrek, eta hori bermatzea «funtsezkoa» eta «oinarrizkoa» dela esan zuen: «Ezinbestekoa da zerbitzu integral bat izatea. Protokolo hau bakarrik ez da nahikoa, beste hainbat neurri eta politikez lagunduta joan beharko luke, baina horrek ez du esan nahi protokolo honek duen garrantzia nabarmendu behar ez denik».
Esther Arroyok Osakidetzaren izenean hitz egin zuen, eta esker oneko hitzak izan zituen lanean aritu eta mahaiaren bueltan berriro elkartu ziren guztientzat: «Kolektibo batek bakarrik ezin du arazo hau konpondu, arlo eta ondorio desberdinak baititu. Eragileen artean lanean aritzea oso garrantzitsua da, eta hor, justizia mundutik jaso ditugun zuzeneko ekarpenen balioa azpimarratu nahiko nuke». Aurrekoek bezala, protokoloa ez du gauza finko baten pare ikusten Arroyok: «Errebisatu egin behar da, jarraipena eman behar zaio, eta denbora baten ondoren, mahai gainean jarri behar dira datuak, aurrera pausoak, gabeziak eta zer hobetu daitekeen».
Bide horretan, protokoloa berak bi jarraipen batzorde aurreikusten ditu: Koordinaziorako Batzordea, eta Koordinaziorako Mahai Teknikoa. Horrekin batera, genero indarkeriaren kasuetan udalak azaldu behar dituen adierazpenak eta ekintza publikoak zehaztuta gelditzen dira.
Etenik gabeko ahalegina
Genero indarkeriaren eta sexu erasoen injustiziari aurre egiteko, atzo aurkeztutako protokoloarekin batera, Tolosako Udala hainbat ekimen gauzatzen ari dela azaldu zuen Ibai Iriarte alkateak: «Horren adibide dira emakumeen jabekuntza eta partaidetza sustatzeko antolatutako Jabekuntza Eskolak, edota hezkuntza alorrean Hezkidetza planarekin ikastetxeetan egiten ari den lanketa. Azken hau, etorkizuneko Tolosari begira egindako proiektua da. Herriko gazteek umetatik kontzientzia izan dezaten, eta etorkizunean Tolosa parekideago bat izan dezagun».