53 karteletatik hamar izan dira aukeratuak, San Joan jaiak atontze bidean

Ataria 2013ko maiatzaren 28a

Tolosako Udalak eta sanjoanetako kartel lehiaketako epaimahaiak, aukeratu ditu jada, 10 kartel finalistak; guztira 53 kartel aurkeztu dituzte herritarrek, eta Igor Ezenarro kultur zinegotziak «oso balorazio ona» egin du honi dagokionez: «Ez dugu ezer asmatu, duela urte asko egiten zen lehiaketa berreskuratu baitugu, batez ere, sanjoanak herritarrengana gerturatzeko, eta parte-hartzea sustatzeko».

Eider Epelde epaimahaiburuak eta Igor Ezenarro zinegotziak erakutsi dituzte hamar finalistak.

Aurkezturiko lanen artean aniztasuna izan da nagusi, izan ere, teknikarik berritzaile eta digitalenetatik hasita, eskuz, oleoekin eta bestelako teknikekin buruturiko lanak ere izan dira tartean. Epaimahaikideak musutruk aritu dira, eta udalak eskerrak eman nahi izan dizkie, beraz, Eider Epelde, Nisa Goiburu, Txetxo Gaztañaga, Nerea Ugarte, Tomas Hernandez eta Anjel Alonsori.

Eider Epelde epaimahaiburuak nabarmendu duenez, galbahea egiterakoan, aniztasuna kontuan izan dute, «herritarrek ere askotariko estiloetako kartelak bozkatu ahal izateko». Honenbestez, atzotik hasi eta ostiralera bitarte kultur etxeko areto nagusian ikusgai izango den kartel erakusketan ikusgai izango dira 10 finalistak, eta bertan bozka eman ahal izango dute herritarrek. Era berean, http://www.tlsbat.net webgunean ere ikusi eta bozkatu ahal izango dira finalera iritsi diren kartelak. Bozketan parte hartzen dutenen artean, Tolosako Udalak bi sarrera zozketatuko ditu, ekainaren 21ean Leidorren izango den Sortuko dira besteak ikuskizunerako.

Azkenik, aipatzekoa da kartel irabazlearen izena ekainaren 3 inguruan ezagutaraziko dutela, eta 500 euroko ordainsaria jasoko duela egileak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!