Igarondo Urpekoak taldeak antolaturik, XI. Roberto Jauregiren oroimenezko Hegats igeriketa Txapelketa jokatuko dute bihar, Tolosako Usabal kiroldegian. 10:00etan hasiko da txapelketa goizean, eta arratsaldean, berriz, 16:00etan.
Euskadiko, Nafarroako, Kataluniako eta Aragoiko selekzioetako 120 igerilarik hartuko dute parte. Tolosaldeko 6 igerilarik lan ona egitea espero dute. Dena den, parte hartzen duten guztiek jasoko dute diploma.
Roberto Jauregi Igarondo Urpekoak taldearen entrenatzaile izan zen 20 urtez, eta tolosar askok ikasi zuten berarekin igeri egiten. Haurrekin zuen lotura dela eta, infantil eta kadete mailakoek hartzen dute parte txapelketan, eta maila horretako garrantzitsuenetakoa bilakatu da.