Asteburu Kulturalak emango dio Harri Jaiari jarraipena Bedaion

Ataria 2013ko maiatzaren 23a

Bedaioko Artubi Elkarteko kideek maiatza dotore atondu dute, ekitaldi desberdinez jantziaz. Kultur ekintzak Harri Jaiarekin hasi ziren iragan ostegunean, eta orain, Asteburu Kulturalaren txanda izango da. Hitzaldiekin batera, mendi irteera ederra antolatu dute, «hainbat ezustekorekin».

Eguzkiak aukera berria izango duen hilabetea, ekaina, indartsu hasiko dute Bedaion. Euskara, natura eta kirola uztartzeko asmoz, alde batetik, VII. Mendi eta VI. BTT martxa antolatu dituzte ekainaren 2an. Artubitik azaldu dutenez, izena emateko aukera zabalik da,   www.bedaio.com webgunean, 10 euroren truke. Ibilbideen inguruko informazioa ere helbide elektroniko berean dago. Bestalde, Kilometroak 2013ri euren atxikimendua erakutsiko diote bedaiotarrek. Ahora! lelopean, irteera antolatu dute Tolosako mendirik altuenera, hau da, Artubira. Izen bereko elkartetik honela azaldu dute egitasmoa: «Kilometroak 2013k Tolosako landa auzoetara ere iritsi nahi du, eta honakoan, Bedaiora hurbilduko da; 1.262 metro dituen Artubi mendira. Bertatik Ahora! leloa oihukatuko dugu». Euskarak mugarik ez duela irudikatu nahi dute ekimenarekin: «Euskarak ez du berezko hesirik, guk jarritakoak ez besterik, eta Tolosa KMK13k, hiriak eta landak dituzten atakak zabaltzen, landa auzoetara ere zabaldu nahi du bere oihartzuna».

Euskara eta KMK13-rekin bat egin nahi duenak, Bedaiora gerturatzea besterik ez du ekainaren 2an. Txangoari irteera 09:00etan emango zaio Abaetxeko lorategietatik. Aukera polita izango da, beraz, naturaz gozatuz eskualdeko paisaiak ezagutzeko, eta kirol apur bat eginez, Artubiko gaina zapaltzeko.

Asteburu Kulturala, egitaraua

Maiatzak 25, larunbata

17:00. Ibai Esoain kontalariak Bertsolaritza ipuin kontaketa eskainiko du. Kantuek eta ipuinek osatzen dute emanaldia.

19:30. Xabier Amurizak Lazkao Txiki, Bat bateko sorgina emanaldia eskainiko du.

Maiatzak 26, igandea

11:00. Azkaraterako ibilaldia Abaetxeko lorategitik abiatuta.  Bidean hainbat sorpresa izango dituen txangoa izango da. Ibilaldian zehar bazkaldu edo mokadu bat jateko aprobetxatuko da eguraldia lagun baldin bada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!