Greba orokorra edukiz bete dute

Ataria 2013ko maiatzaren 9a

Tolosaldeko LAB eta ELA sindikatuek greba orokorraren arrazoiak azaldu zituzten atzo, bakoitzak bere aldetik. Alde batetik, maiatzaren 30eko mobilizazioa girotzen jarraitu zuten, eta bestetik, Gutun Sozial berri bat egiten hasiko direla esan zuten.

Euskal bi sindikatuek bat egin zuten instituzioetatik konponbiderik ez dela etorriko esatean, baita alternatibak egon badaudela azaltzerako unean ere. ELA sindikatuko Egoitz Iturbek, fiskalitatea izan zuen puntu honetan hizpide: «Murrizketez eta erreformez hitz egiten dutenean, Espainiako estatuak edo Europak behartutako neurriak direla entzun dugu behin baino gehiagotan. Kasu honetan, ordea, diru bilketa Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroaren eskumena da, eta hor eragin zuzena daukate hemengo agintariek».

Iturberen iritziz, Europara begiratzea nahikoa izango zen sarrerak handitzeko: «Ez dugu beste munduko ezer eskatzen, Europako bataz bestekoari begiratzea besterik ez. Hori aplikatuko bagenu, Euskal Autonomia Erkidegoan 4.400 milioi euro bilduko genuke, eta Nafarroan, 2.000 milioi euro. Pentsatu diru hori gizartean banatuko balitz,  zer gertatuko litzatekeen».

«Greba orokorra, zertarako?»

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ez dira urrutira joan greba orokorraren arrazoiak azaltzerako unean, hau da, lanean eta lanik gabe dauden langileen bizi baldintzak azaldu dituzte. Oihana Lopetegi LABeko kidearen esanetan, arazoa ez da ekonomikoa, politikoa baizik: « Miseria zabaltzea eta pobreziara kondenatzea ez da derrigorrezkoa, hautu politiko bat da. Eta zoritxarrez, hori da nagusitu den hautua gobernuetan, hori da nagusitzen den politika instituzioetako aurrekontuetan, behin eta berriro ikusten ari garenez. Gobernuak aldatzen dira baina politikak berdinak izaten jarraitzen dute, herriaren kontra eta herriaren kaltetan hartzen diren erabakiak direla jakinik ere».

Egoitz Iturbek bide beretik jarraitu du. ELAren ordezkariarentzat, agintariek enpresariak bakarrik hartzen dituzte kontuan, «gizartearen gehiengoa kanpoan utziz». Argudio hori, egunerokotasunean kokatu du Iturbek: «Euren politikak enpresarientzat egiten dituzte. Bankuen zuloak estali behar direla, ez dago arazorik; eskatzen duten guztia ematen zaie, erraztasun guztiak jarriaz. Bien bitartean, murrizketak noren bizkar erortzen dira? Ikus dezagun: Lan erreforma, pentsioen erreforma, soldata jaitsiera, hezkuntzan eta osasunean murrizketak... Ongizate gizartea suntsitu nahi dute, eta hori da euren politika».

Hego Euskal Herrian «235.000 langabetu» daudela gogoratu du ELAren ordezkariak, «eta Espainiako estatuan 6.200.000». Datu hauek agintarien politiken ondorioak direla esan du Iturbek, eta egiten ari direna, «ulertezina» dela gaineratu du: «Lanik gabe dauden askori laguntzak bukatu zaizkie, eta besteei, hauek murriztu dizkiete. Prekarietate handi batera garamatzate; txirotasun aktiboa bultzatzen dute».

Bi sindikatuetako ordezkariak ados agertu dira geldirik egoteak ezer gutxirako balio duela esaterakoan. Oihana Lopetegik, gauzak benetan aldatzeko dagoen bide bakarra borroka soziala sendotzea dela esan du: «Aldaketa politikoak eta sozialak egitera behartu behar ditugu. Aldaketa horiek prozesu sozial baten emaitza izango dira, bai ala bai». LABen ordezkariaren esanetan, eurak prozesu hori bultzatzea erabaki dute, «horretarako ditugun tresna indartsuenak erabiliz». Tresna horiek bi sindikatuetako ordezkarien ahoan egon dira: Gutun Soziala eta mobilizazioak. Maiatzaren 30eko greba orokorra, bigarren atal horretan kokatu dute, eta eskualdeko herritar guztiei mobilizazioarekin bat egiteko eskatu diete.

ELAren ordezkariak, Egoitz Iturbek, egun horren garrantzia azpimarratu du: «Greba orokorra langileentzat oxigenoa da; gauzak beste era batetara ikusten laguntzen du. Indarra erakutsi behar dugu. Badakigu emaitza ez dugula maiatzaren 31n ikusiko, baina alde batean eta bestean daudenak bereiztu behar ditugu. Guztiok ez gaude ontzi berean, batzuk politika batetan sinesten dute, eta besteok ez dugu horretan sinesten, alderantziz, alternatibak daudela ikusi eta aldarrikatzen ditugu».

Aldarrikapenak zehazte aldera, «erreformak hemen ez aplikatzea eta politika berriak egitea» eskatu dute sindikatuek, «gizarte babesari dagokion mailan eta ekonomia erreala suspertzeko». Horretarako, jarraitu beharreko bideak ere proposatu ditu LABek: «Politikak behingoz eta benetan aldatzea; politika propioak egiteko eskubidea ziurtatuko digun burujabetza eskuratzea, eta politikak erabakitzerakoan herritarron benetako parte hartzea ziurtatzea».

Joana Mendez LABen ordezkariaren esanetan, «politikak goitik behera aldatzeko garaia da, eta erabaki hori hartzea gure esku dago. Ez dago erabaki hori hartzea edo hautu hori egitea debekatzen duen ezer».

Gutun Sozial berria, bidean

Tolosaldeko LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek Gutun Sozial berri baten beharra aldarrikatu dute. Ideia, ordea, gauzatze bidean dagoen egitasmoa dela argitu dute ondoren: «Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen artean eredu sozial berri bat eraikitzeko behar beharrezkoak diren adostasunak eta akordioak lortu behar ditugu. Eta hori egitera goaz. Aurreneko akordio handia Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna izatea proposatzen dugu».

Sindikatuek, beraz, Gutun Soziala eredu berri baten inguruan gauzatu nahi den akordioari deitu diote; lehen batzarra maiatzean egingo dute, eta herritarren parte hartzea bilatu nahi dute. Horretarako, «eztabaida herrietaraino eramango dugu, ahalik eta eragile gehien batze aldera».

Greba orokorraren arrazoiak azaltzeko, eta Gutun Sozialaren inguruan hitz egiteko, 4.000 asanblada egingo dituztela azaldu du Egoitz Iturbe ELAren ordezkariak. Euskal Herrian eta maiatzean barrena kokatu ditu bilkura horiek Iturbek: «Jendearen parte hartzea beharrezkoa da, eta langileek argi izan behar dute borroka landu egin behar dela, alternatibak hor baitaude».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!