Aurtengo Maiatza Borrokan Frente Polisarioaren 40. urteurrenean iritsiko da

Ataria 2013ko maiatzaren 8a

Tolosaldea Sahararekin elkarteak 40 Maiatza Borrokan egitasmoa aurkeztu zuen. Urtero bezala, hitzaldiak, bideo emanaldiak, mobilizazioak eta abar antolatu dituzte Tolosan, hilaren 10etik 20ra bitartean. Aurten, bi urteurren berezi ospatuko dituztela azaldu dute Tolosaldea Sahararekin elkartetik: «Alde batetik, duela 40 urte sortu zen Frente Polisarioa, eta bestetik, Marokoren aurkako lehen ekintzak ere, 40 urte beteko ditu».

Alex Garcesen hitzaldia, etzi

40 Maiatza Borrokan jardunaldiak etzi hasiko dira, Alex Garces-en hitzaldiarekin. Western Sahara Resource Watch taldeko kideak Saharako baliabide naturalen inguruan hitz egingo du, hain zuzen ere, hauen lapurretak azalduko ditu. Bigarren ekitaldia hilaren 16ean izango da, eta oraingo honetan, Beñat Hach Embarek goierritarrak hartuko du hitza.

Jardunaldiak hilaren 20an amaituko dira, Frente Polisarioaren lehen ekintzaren 40. urteurrenean. 19:30ean elkarretaratzea egingo dute Tolosako Trianguloa plazan, Maroko Mendebaldeko Saharatik at lelopean.

Egitaraua

Maiatzak 10, Etzi

19:30. Alex Garces Western Sahara Resource Watch-eko kidearen hitzaldia Tolosako kultur etxean. Gaia: Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen bidegabeko lapurtzea.

Maiatzak 16, osteguna

19:30. Beñat Hach Embarek Irizar kidearen hitzaldia, Tolosako kultur etxean. Gaia: Mendebaldeko Sahara, konpondu gabeko gatazka zahar bat.

Maiatzak 17, ostirala

19:30. Zine emanaldia Tolosako kultur etxean. Alvaro Longoria zuzendariaren Hijos de las nubes dokumentala. Javier

Bardem aktorearekin. Dokumental onenari 2013ko Goya saria irabazi zuen Longoriaren lanak.

Maiatzak 18, Larunbata

Egun guztian. Trianguloa plazan Erresistentzia Haima: dokumentalak, tea, Saharako ohiturak, henna, musika, ...

Maiatzak 20, astelehena

19:30. Trianguloa plazan elkarretaratzea Maroko Mendebaldeko Saharatik at lelopean. Estatu zapaltzaileari eginiko lehen ekintzaren 40. urteurrena ospatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!