Festa biribila izan da Tolosa CFko eskubaloi taldearentzat igaro berri den asteburua. Batetik, igoera fasea bikaintasunez gainditu dute, beraz, datorren denboraldian bigarren nazional mailan ariko dira, eta bestetik, Euskadiko Txapeldun bilakatu dira igoera faseko hiru partidak irabazi ostean.
Eskubaloiaren plaza izan da Tolosako Usabal kiroldegia asteburuan. Ostiraletik igandera Tolosa CF, Zarautz, Legazpi eta Erandio taldeen arteko partidak izan dira. Lau taldeak Lurraldekako mailatik bigarren nazional mailarako igoera zuten jokoan. Bada, Tolosak jokatu zituen hiru partidak irabazi zituen, beraz, mailaz igotzea lortu du. Tolosarrekin batera, Zarautz ere igoko da, hirutik bi partida irabazi baitzituen.
Eskubaloiaren gailurrean ibili izan da Tolosa CF nazional mailako lehenengoan nahiz bigarrenean, baina urte luzez beheko mailatan lehiatu izan da. Ia 30 urteren ostean lortu dute maila nazionalean jokatzeko txartela, eta «oso gustura» daude. Lortutakoaz gain, «pozik» daude egunotan herritarrek adierazi dieten babesarekin. Izan ere, Usabal kiroldegia eskubaloi zaleez bete da asteburuan. Herenegungo partidan, esaterako, 700 lagun inguruk jarraitu zuten tolosarren norgehiagoka. Tolosa CFtik aurrerantzean ere eskubaloia jarraitzera animatu nahi dituzte tolosar guztiak, eta gaztetxoak gonbidatu dituzte kirol honetan hastera. Halaber, gogoratu dute gaztetxoen mailako taldeak oso ondo ari direla, eta maila «bikaina» ari direla erakusten.
Mailaz mantentzea
Datorren denboraldiari begira, tolosarrak jakitun dira maila «gogorrago» batean ariko direla, eta horregatik, mailaz mantentzea izango dute helburu. «Kategoria ezagutuz joango gara gutxinaka, eta behin bertan egokituta helburuak zehaztuko ditugu», azaldu du Yulen Oliden jokalariak.
Herenegun Usabal kiroldegitik Tolosako kaleetara zabaldu zuten euren poza, eta txarangen doinuekin lagundurik kalejiran aritu ziren.